Nafarroako Gobernuak gaurko bileran onartu du bat egitea Nafarroako Parlamentuak azaroaren 20an onetsitako adierazpen instituzionalarekin. Adierazpen horretan, legebiltzarrak "kezka" azaldu zuen auziaren bilakaeraren inguruan.
Gobernuak "aintzat" hartu du irailaren 14an Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak onartutako ebazpena ere; horren arabera, Euroako Batzordeari eskatu dio argitu dezala ea Espainiako Estatuak bere legerian ongi jasotzen dituen Europako araudiak terrorismo delituen trataeraren inguruan adierazitakoak.
Halaber, Europako Batzordeari galdetu dio fiskalak Altsasuko auzian eginiko zigor eskaerak bateragarriak diren Oinarrizko Eskubideen Europako Kartaren 49.3 artikuluarekin.
2016ko urriaren 15eko goizaldean bi guardia zibil eta beren bikotekideak jotzea egotzita, zortzi lagun atxilotu zituzten iazko azaroan. Horietako hiruk preso jarraitzen dute, atxilotu eta urtebetera. Fiskalak 375 urteko espetxe zigorra eskatu du auzipetuentzat.