Bertsio kontrajarriak daude asteburuan Altsasun gertatutakoari buruz. Antza, larunbat goizaldean, zerbitzutik kanpo zeuden bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso zieten, hainbat lagunek -45 inguru Guardia Zibilaren, arabera-. Ondorioz, Poliziak bi pertsona atxilotu ditu, erasoan parte hartzea egotzita. Ordea, lekukoek besterik diote. Horien arabera, "tabernako ohiko borroka" izan zen, eta lokalean zegoenetako batek guardia zibilei handik alde egiteko esatean hasi zen liskarra. Azken horiek ukatu dute borrokan "dozenaka lagunek" parte hartu zutela ere.
Sortuk, bere aldetik, bi atxilotuak aske uzteko eskatu du eta gaitzetsi egin du Guardia Zibilak hasieratik agertutako jarrera. "Kontaketa ofizial bat eraikitzen ari dira, soilik Guardia Zibilaren bertsioa dagoenean eta ez direnean oraindik salaketak publiko egin", dio alderdiak komunikatuan. Horretaz gain, kritikatu du zenbait komunikabidek agertutako jarrera ere, agenteen bertsioa ontzat emanez.
Atxilotutako bi gazteek bihar deklaratuko dute epailearen aurrean.