euskara

Altsasuko EHEko bi kideri zigorra jarri diete, bide seinaletako gaztelaniazko mezuak ezabatzea egotzita

Bi eguneko lokalizaziora eta bi seinale ordaintzera zigortu ditu Nafarroako Auzitegi Nagusiak. EHEko kideek diote frogarik ez dagoela; helegitea jarri dute.

2012ko urriaren 31
15:11
Entzun

Itziar Claver eta Haizea Ramirez de Alda Altsasuko EHEko kideak bi eguneko lokalizaziora eta bi seinale ordaintzera zigortu ditu Nafarroako Auzitegi Nagusiko epaile batek, Altsasuko hamasei bide seinaletako gaztelaniazko mezuak ezabatzea egotzita. Euskal Herrian Euskarazko bi militanteek helegitea sartuko dute, euren kontrako frogarik ez dagoelakoan. Irailean epaitu zituzten, Iruñean, ustezko delitua egin eta hamar hilabetera.

Claver eta Ramirez de Aldak diote seinaleak ustez ezabatzen ari ziren uneko argazkirik ez zutela aurkeztu foruzainek auzi saioetan. Lauzpabost hilabeteko prozesua ireki da orain helegitearekin.

Nafarroako Gobernuari 941,43 euro ordaintzeko eta sei eguneko etxeko atxiloaldia betetzeko eskatu zuen Fiskaltzak akusatuentzat. Absoluzioa galdegin zuen defentsa abokatuak.

Epaiketaren aurretik sei mila euroko isuna jarri zieten EHEko kideei. Orain, isuna deuseztatzeko prozesuari ekingo diote. "Euskaraz bizi nahiagatik urtebete daraman eta amaitezina bihurtuko den prozesu batean murgildu gaituzte, froga zehatzik gabe, gure jarrera aktiboa isun ekonomikoaz ez ezik nekeaz ere ito nahian. Baina guk gureari eutsiko diogu", esan dute Claver eta Ramirez de Aldak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.