Eusko Legebiltzarraren Giza Eskubideen Batzordean agerraldia egin dute, gaur, Altsasuko auzian zigortutako gazteen hainbat gurasok. Auzian zigortutako lau gazteren amak joan dira Gasteizera, legebiltzarrari babesa eskatzera. Nabarmendu dutenez, beren semeei hainbat berme judizial ukatu zaizkie, eta epai bidegabea jaso dute. Hori dela eta, batzordeko kideen engaiamendua galdegin dute.
Iñaki Abad, Jokin Unamuno, Oihan Arnanz, Julen Goikoetxea, Jon Ander Cob, Aratz Urrizola eta Adur Ramirez de Alda Auzitegi Nazionalak ezarri zizkien bederatzi eta 13 urte arteko zigorrak betetzen ari dira Iruñeko eta Zaballako (Iruña Oka, Araba) espetxeetan. 2016ko urrian Altsasuko taberna batean (Nafarroa) bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egitea egotzi die auzitegiak.
Gurasoek salatu dutenez, ordea, hainbat irregulartasun izan ditu epaiketak. Legebiltzarrean salatu dute urratu egin dela beren senideen errugabetasun printzipioa, haien kontrako "epaiketa mediatiko paraleloak" epaian eragin zuzena izan duela iritzita. Horrez gain, adierazi dute ez dela babestu gazteen intimitaterako eta ohorerako eskubidea, auzia instrukzio fasean zegoenean haien izen-abizenak eta argazkiak publikatu zirelako. Nabarmendu dutenez, gazteek ez dute izan "epaile natural eta inpartzial" baterako aukera, auzia hasieran Iruñeko epaitegi baten esku egon arren Auzitegi Nazionalaren esku geratu zelako gero. Eta gaineratu dute auzipetuek ez dutela izan ez behin-behinean aske egoteko eskubiderik, ezta epaiketa "justu eta bidezko" baterako aukerarik ere.
Amnesty International elkarteak epaiketa prozesuari egin dizkion kritikak ekarri dituzte gogora batzordean, eta fiskaltzak aurkeztu dituen eskari "neurrigabeak" nabarmendu dituzte —12 eta 62 urte arteko zigorrak eskatu ditu, gertakariak terrorismoarekin lotuta—. Haien esanetan, zigor "zentzagarri" bat ezarri nahi izan zaie gazteei. Azaldu dute beren semeen kontrako zigorrak banda armatu bateko kide izateagatik edo lehergaiak izateagatik ezartzen direnak baino gogorragoak direla.
Hori dela eta, legebiltzarreko talde politikoei deia egin diete "berme juridikoak" eta Altsasuko gazteen egoerarentzako "konponbide bat" eskatzeko. Beren semeei bisita egitea ere galdegin diete batzordeko kideei, ikus dezaten "erakundeek ez dituztela albo batera utzi".