2016ko azaroaren 14a. Altsasuko herritarrei gogoan iltzatuta geratu zaie data hori, egun hartan hasi baitzen bertako zortzi gazteen amesgaiztoa, Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaileak haien atxilotze agindua eman zuenean. Bi urte iragan dira ordutik, eta hiru gaztek espetxean eman dute denbora hori guztia; gainerako laurak, berriz, aurtengo ekainetik daude preso. Gaur arratsean ehunka lagun elkartu dira Gaztelu plazan, Txarrenari onena atera diozu idatzia zuen pankartaren atzean.
Elkarretaratzearen orduan eta tokian, kartel handi batek honakoa zioen: "734 egun, 407.000 kilometro eta 99.000 euro". "Amesgaiztoa" hasi zenetik iragandako egunak, kartzelarako bisitaldietan egindako kilometroak eta gastatutako dirua zenbatzen zituen kontagailuak. Jardunaldiek iraun duten denboran egon da Gazteluko plazan: ostiralean jarri zutenean, zeroan zegoen, eta orduek aurrera egin ahala, gorantz egin du; elkarretaratzearen orduan benetako zenbakietara ailegatu arte.
Altsasukoak Aske plataformako kideek zenbaki horien atzean dagoen sufrimendua salatu dute: "Bi urte dira gure lagun eta senideak eraman zituztela; denboraz gain, gastu izugarriak izan dira, eta kilometro asko; oso zifra gogorrak dira".
Elkarretaratzean, Ainara Urkijok, auzipetuen artean espetxean ez dagoen Altsasuko gazte bakarrak, haren lagunek Zaballako espetxetik (Araba) idatzitako gutuna irakurri du. Haren bidez, gazteek esan dute auzian bi alde egon direla: batetik, Altsasu kriminalizatu nahi izan dutenak; eta, bestetik, arazoari aurre egiteko bat egin duen herria.
Bigarren talde horretan egon diren pertsona eta taldeei eskerrak eman dizkiete, eta bat eginik helburuak lor daitezkeela adierazi. Gainera, denak espetxe berean daudenetik hobeto daudela azaldu dute. Altsasuko Gurasoak eta Altsasukoak Aske taldeetako kideek oharra egin dute: "Badakigu mobilizazioa, salaketa eta elkartasuna direla injustizia hau amaitzeko motorrak".
Ostiralean hasi ziren jardunaldiak. Gazteluko plazako kioskoan informazio gunea jarri zuten, eta bi egunetan hara gerturatu ziren herritarrei auziaren nondik norakoak azaldu zizkieten, bai eta materiala saldu ere. Gune horren alboan, espetxeko ziega baten modukoa egon da denbora guztian. Ordu erdiro pertsona bat ziegan sartzen aritu da bi egunotan, Altsasuko gazteak bizitzen ari direna sentitzeko, eta erakusteko.
Katakrak liburu dendan, berriz, Altsasukoak Aske taldeko kideek ireki zuten jardunaldia, atzo: Eneko Mendiluzek orain arte gertatutakoaren gakoak eman zituen, eta nabarmendu zuen Altsasun argi dutela dena "azpijoko mediatiko, politiko, polizial eta judizial bat" dela.
Jarraian, gazte eragileek galdera bat egin zuten: "Atzo, gaur... eta bihar, zer?", eta bertaratutakoek horren inguruan hausnartu zuten. Ondoren, gizarte eragileen mahai-ingurua egin zuten. Parte hartzaileek borroka hau beste batzuekin saretzearen beharra azpimarratu zuten, eta, horrez gain, prozesuan ongi egindako gauzak aipatu zituzten; besteak beste, mezu irmo eta zuzena emateko gaitasuna.
"Kontakizun nobelatu bat"
Ikuspegi juridikotik eta komunikabideen arlotik ere aztertu zuten gaia. Soledad Barber NUPeko irakasleak, Amaia Izko abokatuak eta Olga Rodriguez abokatuak alde juridikoa izan zuten hizpide, Garbiñe Biurrun epaileak gidatuta. Izko Espainiako Estatuak hartutako bideaz mintzatu zen: "Hau gertatzen ari da Espainaiko Estatuan desbideratze bat gertatzen ari delako, helburu duena gizartearen erantzun erradikal oro terrorismo delitutzat hartzea. Eta horrekin bat egiten ari dira zenbait komunikabide eta politikari, bai eta legeak eta legeen interpretatzaileak ere".
Barberrek, berriz "kontakizun nobelatutzat" jo zuen Auzitegi Nazionalaren epaia, eta Biurrun harago joan zen; auzitegi hori ezabatu beharra aipatu zuen: "Auzitegi Nazionalak sufriarazi egin du, eta sufriarazten jarraitzen du, eta nik ezabatu egingo nuke; baina gero eta zailagoa da".
Ondoren, hedabideen txanda heldu zen, eta auzia landu duten hiru kazetarik kontakizunaren elementu nagusiak aztertu zituzten: BERRIAko Joxerra Senarrek, Gara-ko Martxelo Diazek eta Público-ko Danilo Albinek, Mariano Ferrerrek gidatuta. Ondorioztatu zuten auziaren kontakizuna sortua zegoela hasieratik, eta komunikabide handiek hori "mantendu" egin dutela, beste hedabide batzuk "benetako kazetaritza" egiten saiatu diren bitartean.
Amaitzeko, elkarretaratzearen ostean, auziak Europako erakundeetan izandako oihartzunaz mintzatu ziren EH Bilduko Josu Juaristi eta Europako Ezkerreko Alderdiko Maite Mola europarlamentariak, bai eta Joan Tarda eta Gabirel Rufian ERCko diputatuak ere. Jardunaldiaren antolatzaileek balorazio positiboa egin dute. "Arrakasta izan da", adierazi du Edurne Goikoetxea Altsasuko Gurasoak taldeko kideak: "Saiatu gara auzian dauden gai guztiak lantzen, egoeraren argazki ahalik eta fidelena erakusteko".