Auzipetuen gurasoak oso eskertuta daude jasotzen ari diren babesarekin. Adibidez, herri mugimenduetan ikusi dute babes hori, eta baita instituzioetan ere: "Nafarroako Parlamentua, 100dik gora udal, 200 jurista baino gehiago, 80tik gora diputatu eta senatari...". Hautetsi horietako batzuen babesa jaso dute gaur, hain justu, Iruñean egin duten elkarretaratzean.
Baina, elkartasun horrekin talka eginez, aurrez aurre topatzen dituzte "berri mingarriak" ere. Azken egunetan auziko hiru presoak sakabanatu eta urrundu egin dituztela jakinarazi dute, eta horrek, bidaiak ordubete luzatzearen ondorioz, arriskua eta gastuak handitzen dituela salatu dute. Oihan Arnanz Navalcarneroko espetxera eraman dute, Adur Ramirez de Alda Aranjuezera, eta, herenegun, Jokin Unamuno Estremerara.
Altsasuko auzia ez dela "terrorismo" delitua ohartarazi dute beste behin, eta justizia eskatu dute. Izan ere, gogora ekarri dute Espainian antzeko kasuak gertatu direla eta ehun euro inguruko isunekin konpondu direla auziak.