Bi argudio eman ditu kultur etxeak erakusketa ez jartzeko, EH Bilduk azaldu duenez: batetik, ez duela erakusketa aretorik; bestetik, soilik liburuekin eta literaturarekin lotutako erakusketak egiten dituela.
EH Bilduk gezurtatu egin ditu bi argudio horiek. Izan ere, koalizioak nabarmendu du kultur etxeak berak onartzen duela, erakusketa aretorik izan ez arren, eraikineko sarrera eta korridoreak erakusketetarako erabili ohi dituela. Bestalde, ukatu egin du kultur etxeak literaturarekin lotutako erakusketak soilik jarri dituenik ikusgai. EH Bilduk azken zazpi urteotan egin diren erakusketen zerrenda eskatu duela adierazi du, eta ziurtatu du erakusketa horietan ondorengo gaiak jorratu direla, besteren artean: "emakume nezkazariak, martxoak 3ko sarraskia, Afrika beltza, Arabako feminismoaren historia eta Ajuriako labe garaiak". Ondorioz, ez du erakusketa ez baimentzeko arrazoirik ikusten.
Altsasukoak Aske ekimenak erakusketa antolatu zuen urte hasieran, Altsasuko zortzi gazte auzipetuk bizi duten "injustizia" salatzeko. Auzipetuetako hiruk 470 egun daramatzate espetxean. Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak 50 urteko espetxe zigorra eskatu du auzipetuetako seirentzat, 62 urtekoa beste batentzat eta 12koa beste batentzat. Apirilaren 17tik 27ra bitartean epaituko dituzte, 2016ko urriaren 15 goizaldeko gertakariengatik. Altsasuko taberna batean kaleko jantzitako bi polizia eta haien bikotekideak jotzea terrorismo delitutzat jo zuen Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak.
EH Bilduko batzarkide Iñaki Ullibarrik Altsasukoak Aske ekimenaren erakusketa zentsuratzea egotzi dio Igone Martinez de Luna Arabako Euskara, Kultura eta Kirol ahaldunari. "Inolako zalantzarik gabe, beto baten aurrean gaude. Aurreko astean, harritu egin gintuen Kultura foru diputatua —beste kargu politiko batzuk ez bezala— Arcora joan izana, Arcok arrazoi politikoengatik zentsura ezarri ondoren. Orain ulertzen dugu ez zuela inolako konplexurik, berak ere zentsura ezartzen duelako kudeatzen dituen aretoetan."
Koalizioak Martinez de Lunaren agerraldia eskatu du Arabako Batzar Nagusietan, erakusketa ez baimentzeko erabakia azaldu dezan.