Altxor mehatxatuak

Hezeguneen erdiak baino gehiago galdu dira historian zehar gizakiak eragindako presioaren ondorioz. Gaur egun, batzuek babes legala badute ere, oraindik ere mehatxupean daude asko eta asko.

inaki petxarroman
2008ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Ez dute historia samurra izan hezeguneek. Antzinatik gaitzen transmisioarekin lotu izan dituzte gizakiek, ur sistemak direnez. Haiek suntsitu eta desagerraraztera jo izan dute,ondorioz. Azken urteetako hirigintza eta industria garapen handiak guztiz desagerrarazi ditu hezegune asko eta asko, batez ere kostaldean.

Eusko Jaurlaritzaren Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialaren arabera, Gipuzkoa eta Bizkaian zeuden jatorrizko hamazazpi itsasadarretatik zazpi guztiz desagertu dira: Bilbo, Bermeo, Ea, Saturraran (Mutriku), Ondarreta, Urumea (Donostia) eta Pasaia... Hain zuzen ere, kostaldeko hezeguneen erdiak. Jatorrizko egoeran, hezeguneen %20 baino ez daude, iturri beraren arabera.

Gizartea eta erakunde publikoak azken urteotan hasi dira kezkatzen hezeguneen inguruan. 1971n onartu zen Iranen Ramsar Hitzarmena, Nazioarteko Hezegune Garrantzitsuenen Zerrenda. Horrek babesa eman die mundu osoko dozenaka hezeguneri, tartean Euskal Herriko bederatziri.

Geroztik babesa zabaldu da tokian-tokian, eta gaur egun Euskal Herriko hiru administrazioek babesten dituzte hainbat hezegune. Kontzientziatze horren erakusgarri da, adibidez, bihar izango den Hezeguneen Nazioarteko Eguna.

Mehatxua larria da oraindik, ordea. 1990eko hamarkadatik hona hezeguneen %14 desagertu dira kostaldean, portu, garraio azpiegitura, hirigintza proiektu edota kirol azpiegitura berrien ondorioz. Azken urteotan guztiz desagerrarazi dituzte Donostiako Amara eta Loiolako Urumeako bazterretan geratzen zen paduraren hondarrak, eta Barakaldoko Zuloko-Ibarretako hezegunea, esaterako. Barnealdekoei, nekazaritzatik datozkie erasorik larrienak, baina kostaldekoak baino hobeto daude.

Sakonera gutxiko ur azalerak dira hezeguneak. Bi multzo zabaletan bereizi izan dituzte adituek, itsasaldekoak eta barnealdekoak. Itsasaldekoak itsasoaren eta ibaien arteko muga egiten dute; barnealdekoek, berriz, ur masa iraunkor edo noizbehinkakoak izaten dira, ibai, iturri edo urtegiekin lotuak. Ekoizpen biologiko handiko guneak izanda, animalientzako ezinbesteko bazkaleku dira. Hala, espezie ugari bildu ohi dira haietara. Bioaniztasun handiko ekosistema aberatsak dira, eta oso espezializatuak, gainera. Alegia, bertan egoten diren bizidunak ez dira beste inon agertzen. Hala, hezegunea desagertuz gero, bertan egoten diren espezieak ere desagertzen dira harekin batera.



EUSKAL HERRIA: TRANTSIZIO EREMUA. Euskal Herriak badu berezitasun bat. Izan ere, bi eskualde biogeografikoren artean kokatua dago: eurosiberiarra eta meditarraneoarra.Bi eskualdeen arteko trantsizioa Euskal Herrian dago, eta horren ondorioz, mota askotako hezeguneak aurki daitezke oso eremu geografiko txikian.



Mikel Estonba Biologoa

«Tamaina txikiko hezeguneei duten garrantzia aitortu behar zaie»

I. Petxarroman

Donostia

Mikel Estonba biologoak (Irun, 1967) 20 urte eman ditu Euskal Herriko hezeguneak ikertzen. Lan mardul horren ondorioz osatu zuen Euskal Herriko hezeguneak liburua. 20 urte hauetan hezeguneen egoera hobetu denarrenoraindik ere badela zeregina uste du.

Zer moduzko egoeran daude gaur egun Euskal Herriko hezeguneak?

Hezeguneak aztertzen eta ikertzen hasi nintzenetik, egoera asko aldatu da. Garai hartan, ezjakintasunak eraginda, izugarrizko axolagabekeria zegoen. Ordurako hezegune asko desagertuta zeuden, beste batzuk egoera tamalgarrian... Orain mentalitatea aldatu da. Araudi batzuk daude hezeguneak babesteko. Hezegune asko babestuta daude legez, hainbat lehengoratu egin dira, eta alde horretatik, egoera hobetu da... Egoerarik kezkagarriena, ordea, tamaina txikiko hezeguneena da. Izan ere, oharkabean pasatzen direnez, haietara ez da iritsi mentalitate aldaketaren eragina.

Hirigintza proiektuen ondorioz, desagertzeko arriskuan dira oraindik asko.

Egoera hori, nagusiki, kostaldeko hezeguneetan nabari da. Badakigu kostaldeak giza presio ikaragarria pairatzen duela, eta hirigintza proiektuak etengabe gertatzen ari direnez, hezeguneak arriskuan dira. Duela gutxira arte, hezeguneak balio gabeko gunetzat jotzen ziren. Ura lehortu, eta gainean edozer eraiki izan da. Oraindik batzuek ez dute ulertzen zergatik babestu behar diren, zeren espekulazio eta hirigintza ikuspegitik etekin handia atera baitezakete. Barrualdeko hezeguneetan arazoa ez da hain nabarmena, mendi inguruan edo hiriguneetatik urrun egon ohi direlako.

Kostaldeko hezeguneen erdiak-edo galdu egin dira.

Gehiago, esango nuke. %70 inguru galdu da. Esaterako, Bilbo eta Donostia ia osorik hezeguneen gainean eginda daude. Une honetan duguna da garai batean zegoenaren zati txiki bat, eta horrek are eta garrantzi handiagoa ematen die geratzen direnei, haiek desagertuz gero, dena desagertuko delako.

Zer garrantzi dute ekosistema hauek?

Ekosistema garrantzitsuak dira, hainbat arrazoirengatik.Alde batetik, ekoizpen handiko inguruak izaten dira, eta horrek esan nahi du elikadura asko egoten dela.Jakina, elikadura asko dagoen tokian, bioaniztasun handia izaten da. Gainera, hezeguneetan bizi diren bizidun gehienak ezpezializatuta daude toki horietan bizitzeko. Beraz, leku horiek desagertuz gero, haiek ere desagertzen dira.

Uholdeei aurre egiteko, adibidez, garrantzi handia dute, ezta?

Hezeguneek ur kopuru handiak xurgatzen dituzte, eta, gero ur hori, poliki-poliki askatzen dute. Eurite handiak direnean, hezeguneak badaude, ur hori, nolabait, geratu egiten da. Horren adibide esanguratsua da Txingudiko Jaizubia errekarena. Berreskuratu dira erreka ertzeko padura eremu zabalak. Naturaren ikuspegitik horrek duen garrantziaz gain, sarri izaten ziren uholdeak gutxitu dira ikaragarri.

Uste duzu lege aldetik nahiko babesa dutela, hain ekosistemahauskor eta garrantzitsuak izanda?

Duela hogei urte ez zegoen ezer. Gaur egun, badira lege eta arauak. Baina batez ere kontuan hartzen dituzte handienak. Baina badira tamaina txikiagokoak, eta horiek arriskuan jarraitzen dute. Hemen Txingudiko hezegunea dugu, eta babesa du. Baina garrantzi berbera zuten Donostiako Loiolako eta Amarako hirigune berri horretan mantentzen ziren padura txikiek. Hangoak inolako gupidarik gabe suntsitu dituzte.

Aurrera begira, zein dira erronkak?

Kostaldeko hezeguneen kasuan kontrol zorrotzagoa behar da, interes oso handiak daudelako. Bestetik, tamaina txikiko hezeguneei duten garrantzia aitortu behar zaie, eta txoririk erakartzen ez dituzten horiei ere duten balioa onartu behar zaie. Bidenabar, gizartea sentsibilizatu eta kontzientziatu behar da oraindik. Jendeak ulertu behar du bere etxe ondoan hezegune bat zergatik berreskuratu den, parke bat edo kiroldegi bat egin beharrean. Zeren askotan jendeak ez du ulertzen zertarako egiten den hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.