Alvaro Mirandak Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Ekonomia kontseilariak gaur jakinarazi du kargua utziko duela datozen egunetan, bere borondatez. Otsailean aurreratu omen zion gobernua uzteko erabakia Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari.
Mirandak uste du bere irteerak PSNren eta UPNren arteko tentsioak baretzen lagunduko duela. "Sozialistek 'diana' nire gain jarri dute eta horrek aurrekontuak onartzeko prozesua oztopatuko luke", azaldu du.
Izan ere, Miranda Nafarroako Gobernuaren kontuen publikoen gaineko polemikaren erdigunean egon da. Duela bi aste, Ogasun departamenduak bat-batean 132 milioi euroko gastua blokeatzeko foru agindua eman ondotik kontuen gaineko zalatzak ugaritu ziren PSNren baitan, eta eztanda egin zuen gobernu krisiak.
Barcina ordezkorik gabe gelditu da astebetean. Izan ere, ostiralean Barcinak Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusia eta gobernuko presidenteordea kargutik kendu zuen.
Horrela UPNren eta PSNren arteko gobernu akordioa hautsi egin da, eta lurrikara horren ondorioak haratago doaz. PSNk dio kontuen gaineko ikerketa batzordea eskatuko duela parlamentuan. Momentuz, UPNk gutxiengoan aginduko du, eta oez du bozak aurreratzeko asmorik azaldu.
Alvaro Miranda zaragozarrak 16 urte daramatza Nafarroako Gobernuan. Egun, agintean urte gehien eman dituen kontseilaria da.