Alzheimerrari aurka egiteko, elkarlana eskatu dute

Kongresu bat egin dute Donostian; ezinbesteko jo dituzte prebentzioa eta diagnostiko goiztiarra

Erredakzioa
Donostia
2012ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Administrazioen elkarlana eta konpromisoa funtsezkoak dira alzheimerrari aurre egin ahal izateko. Halaxe nabarmendu dute azken egunetan Donostiako Kursaal jauregian bildutako mediku, ikertzaile, gaixo eta erien senideek. Gehienek uste dute bi direla erronkak: diagnostiko goiztiarra eta prebentzioa.

Alzheimerrari Buruzko Espainiako V. Kongresua egin duteKursaal jauregian. Ostegunean hasi zen, eta atzo amaitu. 400 lagun inguru bildu dira. Amaiera ekitaldian izan zen atzo Rafael Bengoa, Eusko Jaurlaritzako jarduneko Osasun sailburua. Bengoak onartu zuen datozen hamar urteetan alzheimer kasuen igoera «handi bat» izango dela eta, beraz, gaixoei kasu egiteko aurreikusita dauden inbertsioak eta aurrekontuak ez datozela bat errealitatearekin. «Murrizketen gainetik, lortu behar dugu gaixoari arreta integral eta jarraitu bat eskaintzea, egun zatikatua ematen baita. Eredua aldatu behar da». Urtean 20.000 eta 30.000 euro artean kostatzen da gaur egun Alzheimerren gaitza duen eri bakoitzaren arreta.

Aurreko egunetan hitz hartu duten hizlariei dagokienez, Terrasako (Herrialde Katalanak) Mutua ospitaleko Miquel Aguilarrek alzheimerraren kontrako plan bat egitea galdegin zion Espainiako Gobernuari. «Japoniak, Alemaniak, Erresuma Batuak eta Norvegiak badute jadanik. Plan horrek eragile guztion babes eta esku hartzea behar du: medikuena, ikertzaileena, herritarrena...».

Gaixoen senideen elkarteak biltzen ditu CEAFA erakundeak; bertako presidente Arsenio Huerosek ikerketarako baliabideak eskatu zituen: «Lortu behar dugu alzheimerra Europak osasun publikoan dituen lehentasunen artean egotea».

Botikak eta tratamenduak izan zituen hizpide Adrian Ares medikuak. Leongo Unibertsitate Ospitaleko (Espainia) Neurologia Zerbitzuan lan egiten du. «Egun erabiltzen diren botikekin gaixoa ez da gehiago bizi, baina behintzat kognizioari eta jarrerei lotutako hainbat alor hobetu egiten dira. Beraz, hartzea gomendatzen da. «Botiken ikuspegitik, alzheimerraren kontrako borrokaren porrota gaitzaren lehen sintomakgaratzen hasi baino urte batzuk lehenago azaltzen direlako gertatzen da. Ni, gainera, botiketan oinarritzen ez diren bestelako terapia batzuk erabiltzearen aldekoa ere banaiz».

Kongresuan parte hartu duten aditu gehienek nabarmendu dute diagnostiko goiztiarraren eta prebentzioaren garrantzia. Prebentziorako funtsezkoa iruditzen zaie arrisku faktoreei heltzea: tabakismoa, hipertentsioa, diabetesa, sedentarismoa...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.