Alzheimerren gaitzak zenbait adierazle eta ondorio ditu. Oroimena galtzea da horietako bat. Bada, ikerlari talde batek memoria falta galarazteko “mekanismo giltzarri bat” aurkitu du. Ikerlana Nature Neurosciencen argitaratu dute.
Ikerbasque Fundazioak eman du ikerlanaren berri. Hain zuzen ere, Euskal Herriko ikerlariek parte hartu dute. Hiru doktorek zuzendu dute lana: Shira Knafo (Ikerbasqueko kidea eta EHUko irakaslea), Jose Antonio Esteban (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa) eta Cesar Venero (UNED).
Memoria eta ikasketa prozesuan funtsezkoa da neuronen arteko informazio trukaketa. Alzheimer gaitzak trukaketa hori baldintzatzen du, eta ikerlariek aurkitu dute zergatik gertatzen den. Gaitzaren ondorioz PTEN izeneko proteina batek behar baino presentzia gehiago du, eta neuronen arteko trukaketa horiek aldatzen ditu.
Ikerlariek harreman hori atzemateaz gain, hori galarazteko estrategia bat ere aurkeztu dute. Saguetan egindako ikerketetan “tresna molekular” bat baliatu dute Alzheimerraren aipatu eragina saihesteko; horri esker lortu dute saguek oroimena mantentzea.