Ama eta anaia hil ditu ustez adingabe batek Portugaleten

Ustezko hiltzailea Sestaoko udaltzainen etxera joan da eta egindakoa aitortu du; gazteak gaur bete ditu 18 urtePortugaleteko Udalak elkarretaratzera deitu du gaurko, bi heriotzak gaitzesteko

Ertzaintza eta ehorzketa etxekoak, gorpuak etxetik atera aurretik. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ainara Arratibel - Jone Zuazo
2011ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Ustez mutil adingabe batek ama eta anaia hil ditu Portugaleten, Bizkaian. Amak 58 urte zituen, eta anaiak 12. Gazteak ordu gutxira aitortu zuen gertatutakoa polizia etxean. Atxilotuak gaur bete ditu 18 urte. Ertzaintzak Adingabeen Fiskaltzaren esku utziko du gaur kasua. Portugaleteko Udalak elkarretaratzera deitu du gaur iluntzerako, bi heriotzak salatzeko. 20:00etan izango da, Solar plazan.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak esan duenez, atzo goizean gertatu ziren heriotzak,Federico Garcia Lorca kaleko etxebizitza batean. Hildako emakumearen senarrak—zendutako haurraren aita ere bada — eman zien abisua ertzainei. Osasun azterketa bat egitetik itzuli, eta ezin izan zuen atea ireki. Gainera, emazteak ez zien erantzuten telefono deiei. Ertzaintzaren patruila bat eta suhiltzaileak bertaratu ziren. Etxean sartu, eta emakumearen eta 12 urteko semearen gorpuak aurkitu zituzten. Polizia iturriek Efe albiste agentziari jakinarazitakoaren arabera, bi gorpuek labankadak zituzten.

Etxean sute txiki bat zegoen, eta suhiltzaileek itzali behar izan zuten. Lehen ikerketen arabera, emakumea bazkaria prestatzen ari zen hil zutenean. Bikoteak bost seme-alaba zituen, eta horietatik hiru bizi ziren etxean: ustezko hiltzailea, hildako 12 urteko gaztetxoa eta une hartan lanean zegoen alaba zaharrago bat.

Mikel Torres Portugaleteko alkatea gertaera izan zen lekura joan zen, eta baieztatu zuen bi hildakoek kolpeak zituztela buruan.

Ertzaintzak berehala hasi zuen ikerketa. Hala, etxea zigilatu eta inguruko zaborrontzi guztiak miatu zituzten. 13:30 aldera 17 urteko gaztea Sestaoko (Bizkaia) udaltzainen egoitzara joan, eta ama eta anaia hil izana aitortu zuen. Auzotarrek «harrituta» hartu zuten gertatutakoa. Nabarmendu zuten familia ez zela oso ezaguna auzoan, nahiko denbora gutxi zeramatelako bertan bizitzen.

Salaketa eta gaitzespena

Emakumeen Mundu Martxak gertatutakoa salatu du. «Emakumeon kontra izaten diren eraso guztietan, inplizituki bada ere, beti agertzen da sexismoa. Egiturazko indarkeria da, patriarkatuak sexuen artean ezartzen dituen botere harremanek ahalbidetu dutena».

«Minduta eta haserre» daude. «Emakumeon aurkako indarkeriak ez du etenik, eta nahikoa dela diogu». Atzo, elkarretaratzea egin zuten Portugaleten, hilketak gaitzesteko.

Aurten hiru izan dira indarkeria zantzuekin hildako emakumeak: Yanela Zaruma, Amaia Azkue eta atzo Portugaleten semearekin batera hildako emakumea. Mugimendu feministak genero indarkeriarekin lotu ditu hirurak, baita orain dela egun batzuk Durangon leihotik erorita hildako emakumearen heriotza ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.