Emakume bat hil zuten atzo goizaldean Laudion (Araba), labankadaz. Ertzaintzak emakumearen bikotekidea atxilotu zuen, 49 urteko gizon bat, hiltzailea izatea leporatuta. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gaur eraman dute gizona epailaren aurrera, eta haren esku utzi dutela.
Elkarrekin bizi ziren biak duela urtebete inguru, Laudioko Urumea kaleko etxebizitza batean, eta bertan aurkitu zuen Poliziak Amagoia Elezkanoren gorpua. Euskal Herrian genero indarkeriaren ondorioz aurten hildako lehen biktima da.
Ostegun gauean jaso zuten Laudioko ertzain etxeko poliziek Elezkanori egindako erasoari buruz ohartarazi zuen deia. Ustezko hiltzailearen arrebak berak egin zuen deia. Gizonak arrebari telefonoz hots egin omen zion egindakoaren berri emateko, eta arrebak Poliziari jakinarazi zion. Ertzainak bertaratu zirenean, Elezkanoren gorpua, ustezko hiltzailea eta bikoteak elkarrekin izan zuen hilabete gutxiko semea aurkitu zituzten; umeak ez zuen zauririk. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, «arma zuriarekin eragindako heriotza aztarnak» atzeman zizkioten emakumeari.