Arabako Lurralde Auzitegiko Fiskaltzaren arabera, ez da zalantzarik: Amagoia Elezkano bere bikotekideak hil zuen iazko maiatzaren 23an, eta hiltzeko asmoarekin jazarri zitzaion, gainera. Lo zegoela egin zion eraso, eta esnatuta ere, andreak ihes egiteko ahalegina egin zuenean, berriro egin zizkion ebakiak: 42 zauri egin zizkion denera. Horregatik 25 urteko kartzela zigorra eskatu du gizonarentzat; delitua zinez larria dela ohartarazita, kalteordain bat ere eskatu du bien umearentzat —18 hilabete zituen hilketa jazo zenean—, eta beste bat Elezkanoren gurasoentzat.
Biktimaren familiarekin, halaber, harreman klase oro eragotzi nahi dio ustezko hiltzaileari Fiskaltzak.Behin kartzelatik irtenda ere hamar urtean Orozkora (Bizkaia) ez joateko zigorra ezarri nahi dio, bikotekide zuenaren sendia han bizi dela argudiatuta.
Auzipetuaren kontrako epaiketa irailaren 15ean hasi eta 22a bitartean egingo da.