17 urteko mutil gazte batek Donostiako Adingabekoen Fiskaltzaren esku utzi zuen atzo arratsaldean bere burua, Amaia Azkue emakume oriotarra berak hil zuela aitortuta. Iturri ofizialek zabaldu dutenez, aitak lagunduta joan zen gaztea auzitegira. Aurretik, atzo goizean, Ertzaintzak galdekatu zuen, Azkoitiko ertzain etxean, eta, agi denez, kontraesanetan harrapatu zuten. Ertzaintza mutil horren arrastoa ikertzen ari zen hilketarekin lotuta.
Gaztea Zumarragako adingabekoen zentroan dago orain, epailearen aginduz, baina baliteke epaileak espetxera bidaltzea, gaur bete baititu 18 urte.
Amaia Azkuen martxoaren 16an agertu zen gorpu, Azpeitiko Ibai-Eder urtegian, indarkeria zantzuekin. Eguerdian Zarauzko saltoki handi bateko aparkalekuan ikusi zuten azken aldiz. Hilketa gertatu zenean lapurretaren hipotesia nagusitu zen.
Zarauzko Udalak ohar baten bidez esan du "Azkueren heriotza lehenbaiehen argitzea eta justizia egitea" espero duela. Oharrean gogoratu du udala beti egon dela eta dagoela Ertzaintzako ikerketaren arduradunekin harremanetan; "gertakarien larritasunagatik eta herritarren artean sor litekeen edozein alarma kasu ekiditeko, diskrezioz lan egingo dugu eta ez dugu komunikabideen bidez jasotako filtrazioen inguruko iritzirik emango", gehitu du udalak.
Azkue familiari babes osoa eman dio Zarauzko Udalak.