Arratsaldeko seiak aldera bukatu dira Amaia Azkueren hilketaren epaiketako lekukotzak Donostiako Adingabeen Auzitegian, parteak ondorioak irakurtzen hasi dira gero, baina aurretik Azkue familiaren abokatu Miguel Castellsek hedabideei aurreratu die, auzipetuaren aurkako hamar urteko kartzela zigorraz gain, urruntze agindua ere eskatuko duela —Zarautzera eta Getariara ez azaltzeko eskaera, hain zuzen—.
Atzo ziren epaiketako saioak bukatzekoak, baina auzipetuaren abokatu Joanes Labaienek diligentzia berriak eskatu zituen, eta gaur jarraitu dute. Suhiltzaile batzuk izan dira deklaratzen, baina Castellsek esan du haien lekukotzaren arabera ere garbi geratu dela Azkueren hilotza lokarriekin lotuta zegoela urtegian. Familiaren abokatuak uste du gaurko deklarazioek ez dutela ezer berririk sortu eta ertzainen frogak sendoak direla; hau da, Ander E.-k hil zuela Azkue.
Gaur ere lagun batzuek elkarretaratzea egin dute epaitegi atarian, Guztiok gara Amaia lelopean.
Lehengo asteko astelehenean hasi zen epaiketa, eta bost egunean 50 lekuko eta 30 peritu inguru igaro dira epailearen aurretik. Joan den urteko martxoaren 16an aurkitu zuten Azkue hilik, Azpeitian, Ibai Eder urtegian, indarkeria arrastoekin. Akusatuak lehen saioan ukatu egin zuen berak hil zuela, orain hilabete batzuk hori esan bazuen ere.
Ander E.-k hemezortzi urte ditu egun; atxilotu zutenean, hamazazpi. Azpeitiarra da.