Gaur arratsaldean bukatzekoa zen Amaia Azkueren hilketaren inguruko epaiketa, Donostiako Adingabeen Auzitegian, ondoren epaiaren zain geratzeko, baina saioan auzipetuaren abokatu Joanes Labaienek diligentzia berriak eskatu ditu eta epaiketa biharko 16:00ak arte eten egin du epaimahaiak.
Miguel Castells familiaren abokatuak azaldu du "ezustea" izan dela akusatuaren abokatuak diligentzia berriak eskatu izana eta, bere ustez, Ertzaintzaren frogetan hutsuneren bat-edo aurkitu nahian dabil. Castellsek, baina, esan du ertzainen frogak sendoak direla.
Gaur ere auzitegian izan dira Amaia Azkue zenaren senideak. Akusatua ere han izan da —azpeitiar mutil gazte bat—. Lagun batzuek elkarretaratzea egin dute epaitegi atarian, Guztiok gara Amaia lelopean.
Astelehenean hasi zen epaiketa, eta bost egunean 50 lekuko eta 30 peritu inguru igaro dira epailearen aurretik. Joan den urteko martxoaren 16an aurkitu zuten Azkue hilik, Azpeitian, Ibai Eder urtegian, indarkeria arrastoekin. Akusatuak gaur zortzi ukatu egin zuen berak hil zuela, orain hilabete batzuk hori esan bazuen ere.
Lehengo ostiralean, Azpeitiko Nuarbe auzoan epaiketako lekuko bati eraso egin zioten, eta udalak kasua argitzeko eskatu du gaur.