gizartea

Amaia Azkueren ustezko hiltzaileak errugabea dela deklaratu du

Iazko martxoaren 16an Azpeitian ustez Azkue hil zuelako epaitzen hasi diren gazteak ateak itxita deklaratu du. Fiskaltzak eta Azkueren familiak hamar urteko kartzela zigorra eskatzen dute.

2012ko martxoaren 12a
20:38
Entzun

Gaur hasi da Amaia Azkueren hilketa argitzeko epaiketa Donostiako Adingabeen Auzitegian, jendearentzat eta hedabideentzat ateak itxita. Goizeko saioa 13:00etan amaitu da, eta arratsaldean ari dira jarraitzen, 16:30etik. Lehen saioaren amaieran defentsako abokatuak ez du adierazpenik egin, eta akusazioaren abokatuak esan du ezin duela deklaratutakoaren inguruko informaziorik eman. Berri agentziek zabaldu dutenez, ordea, Azkueren ustezko hiltzaileak errugabetzat jo du bere burua, eta Gipuzkoako Fiskaltzaren aurrean egin zuen bigarren deklarazioa –aurrenekoan onartu zuen egiletza– berretsi du.

Auzipetua izan da lehena deklaratzen. Aparkalekutik zuzenean igo da deklaratu duen aretora, auzitegiaren ate nagusitik igaro gabe. Defentsa abokatu Ioanes Labaienek ez du deklaraziorik egin nahi izan epaitegira heltzean. Familiaren abokatu Miguel Castellsek esan du "familiaren samina" errespetatzeko eskatzen duela.

42 kazetari bildu dira auzitegiaren kanpoaldean —debekatuta dute barrura sartzea—. Azkueren familiak saioa irekia izateko eskatu zuen, baina epaileak atzera bota zuen eskaria.

50 bat lagun deitu dituzte lekuko gisa deklaratzera, baita 30 peritu ere. A.E. azpeitiarra ari dira epaitzen, ustezko hiltzailea. Fiskaltzaren eta Amaia Azkueren familiaren akusazioek hamar urteko kartzela zigorra eskatzen dute —adingabeek bete dezaketen zigor handiena—, eta beste bost urte zaintzapeko askatasunean.

Adingabeen legeari jarraituta egingo dute epaiketa, gazteari leporatzen dioten hilketa 17 urte zituenean gertatu baitzen.

Bilgune Feministak elkarretaratzea egin du auzitegiaren aurrean, hilketa salatzeko. 19:30ean Azpeitian egingo dute agerraldia. 

Azkueren gorpua iazko martxoaren 16an agertu zen, Azpeitiko Ibai-Eder urtegian, indarkeria zantzuekin. Eguerdian Zarauzko saltoki handi bateko aparkalekuan ikusi zuten azken aldiz. Hilketa gertatu zenean lapurretaren hipotesia nagusitu zen. Ertzaintzaren frogek berretsi zuten adingabeak hil zuela Azkue.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.