Puntu ugariko legea da berdintasunarena, baina zer hutsune ditu?
Urrats handia izan da hau guretzat, aspalditik eskatzen genuen legea baita. Adibidez, abortuan kentzea larritasun egoeraren parte hori; gero ere, etxeko bortizkeriari buruz, babesa azkartzen eta luzatzen du. Beraz, bi alor horietan zinez badira aurrerapenak, eta guretzat aski onak, nahiz eta hutsuneak badiren, eta handi bat da emazteen prekarietateari buruz ez duela ezer esaten, ez direla ausartu hor eskua sartzen, jakina izanik gaur egun krisiak emazteen aurpegia duela. Bestetik, abortuari buruz nahi nuke oroitarazi abortatzeko 130 zentro publiko itxi dituztela, eta, beraz, badago halako inkoherentzia bat. Gero bada ere beste puntu beltz bat, eta ez da ttipia, bikotekidearengandik pairatutako bortxaketak ez baitira Frantziako legedian jasotzen. Gaur egun jakina da emazte anitzek bortxaketa pairatzen dutelarik ezagutzen dutela beren erasotzailea. Eta kontuan hartu behar da halakoetan are zailagoa dela salaketa egitea, kontsideratzen baita gure jendartean bikote batean ez dela posible bortxaketa.
Bestetik, legea bera nola betearaziko duten ere ez dago erabat argi.
Ikusiko ditugu etortzen aplikazio dekretuak, eta hor egon beharko gara biziki erne, holako legeek ez badute aurreikusten kontrol sistemarik ez baitute ezertarako balio. Bestetik, halako gaietan zaila da kontzientzia egitea, bai enpresetan eta bai botere publikoetan ere. Pentsatzen dute gobernuaren barnean badela nahi bat kontrol bidean ezartzeko; gero denen lana da erne egotea eta ez uztea halako lege bat kontrol biderik gabe.
Berdintasun Legearen osagarri Familia Legea egin dute, baina azken hori atzeratu egin dute.
Horrek ongi erakusten du Frantziako Estatuko jendearen artean badela halako haustura bat: batetik, jendartearen aitzinatasuna nahi dutenak, eta, bestetik, izoztuak edota betiko sinesmenetan finkatuak. Azken horien barruan sartuko lirateke Eliza inguruko boteredunak eta eskuin muturra. Gaur egun horrek erran nahi du ez ditugula gutxietsi behar halako mugimenduak, jendartearen zati bat ordezkatzen dutelako. Kontu handiarekin egin behar da holako ideiei aurre egiteko. Homosexualen ezkontzak legezko egin zirenean, adibidez, guk txalotu genuen, baina legea ezin da errealitate bilakatu jendarteak babesten ez badu. Gauza bera gertatzen da Familia Legearekin ere. Atzerakoiek diote familientzat arriskutsua dela, eta pentsamolde hori oso lanjerosa da, ez baitute nahi jendarteak aurrera egitea. Baina Familia Legearekin nahi zen gizon eta emakumeen arteko harremanak aldatzea, horretarako eskoletan hasi behar baita lanean. Niretzat bide hori biziki interesgarria da, baina fokalizatu da bi jende taldeen arteko hausturan.
Hor bultzatu beharko litzateke gizonen parte hartzea?
Hor ere jendartearen aldatzeko bide luzea dago. Baina gizonen parte hartze hori ere ari da aldatzen emeki-emeki. Frantziako Estatuan, adibidez, bada gizonez osatutako mugimendu bat deitzen dena Zero Macho, zeintzuek beren burua feministatzat duten, eta gizartea aldatzea bilatzen duten. Hori da, hain zuzen, behar duguna, alegia gizon eta emakumeen arteko lana bultzatzea, jendartea aldatzeko. Talde feministek akuilu bezala lan egin behar dute, eta besteei bidea erakutsi.