Amaiera programatua

Egañaren arabera, Francoren erregimenak Euskal Herria «amaitzeko» programa zehatz bat diseinatu zuen. Horretarako, hainbat baliabide erabili zituen.

jokin sagarzazu
Donostia
2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Erregimenaren aurkako oposizio guztia amaitu nahi zuen Franco diktadoreak, eta horien artean jo puntuan izan zituen errepublikaren aldekoak, sozialistak, komunistak eta abertzaleak. Errepresioaren bidez, Euskal Herria «amaitzeko» programa zehatz bat jarri zuen abian erregimenak, Iñaki Egañak dokumentatu duenez. Eliza, eskola, espetxea eta Polizia erabili zuen helburu hori lortzeko.

Espetxeak

1938tik 1958ra, ia 13.000 euskal herritar egon ziren preso. Gehienak Euskal Herriko espetxeetan zeuden: Ezkaban, Ondarretan, Gasteizen, Saturraranen eta Zornotzan —emakumeentzako espetxea—. Presoak lanera behartzen zituzten: errepideak, tunelak eta beste egitera. Horien atzetik, euskal preso gehien bildu zuen espetxea Puerto de Santa Mariakoa izan zen, Euskal Herritik ia mila kilometrora; distantziagatik edo erregimenak jarritako trabengatik, senideei ia ezinezkoa egiten zitzaien haiek bisitatzera joatea.

Epaitegiak

TOP Ordena Publikorako Epaitegia izan zen erregimenaren auzitegi politikoa. 1964an sortu zuten, eta, hamabi urtean, 53.000 herritar inguru pasa ziren handik, gehienak euskal herritarrak. Zigorren %60 epaitegiaren azken hiru urteetan plazaratu zituzten. Urte beltzena 1973an izan zen. Bizkaia izan zen auzipetu gehien izan zuen herrialdea. Epaitegia desegin zen urtean, auzipetu gehienak gipuzkoarrak izan ziren. 1976an desagertu zen TOPa, eta 1977ko urtarrilaren 4an sortu zuten Auzitegi Nazionala.

Eskolak

Errepublikaren garaian irakasle izandako gehienak beren postuetatik kanporatu zituzten. Erregimenak kontrolatzen zituen irakasleak eta ikasgaiak. Bizi publikoko beste arloetan bezala, eskolan ere debekatuta zegoen euskararen erabilera. «Gaztelania da gure inperioaren arma», adierazi zuen Hezkuntza ministroak, Bilbo hartu berritan eginiko agerraldi batean.

Zentsura

1940. urtean 400 zentsuratzaile inguru zeuden Donostian. Irungo aduanatiksartzen ziren gutun guztiak irakurtzen zituzten: 35.000 inguru egunean. Horietako batzuk 30 urte geroago iritsi ziren hartzaileen eskuetara.

Eliza

Francoren erregimenaren oinarrietako bat izan zen Eliza, eta gerran abiatutako «garbiketarekin» —hamalau euskal apaiz hil zituzten frankistek— jarraitu zuten ondorengo urteetan. Erregimenaren aldeko apaizak izendatu zituzten, eta horrek eragin nabaria izan zuen herritarren artean. Euskal Herria Europako herri elizkoienetako bat zen, baina, Francoren heriotzaren ondotik, estatuan sinesle gutxien zuen herri bihurtu zen, Egañaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.