Udalbiltzaren aurkako auzia Auzipetze Kriminalerako Legearen oinarrien aurka, interes zehatz batzuengatik eraiki eta mantendu dela sinetsita daude abokatuak, eta hori polizien bidez egin dela. Poliziei erabateko ahalmena eman zaiela, eta auziaren sorreratik amaierara, haien esanak erabili direla akusatuen aurkako froga bakartzat, horiek gezurra direla frogatuta geratu den arren.
«Auzi iruzurra» egiten ari dela ere salatu du Kepa Landa abokatuak. Auzia poliziek beste pertsona batzuei egindako entzuketetatik abiatu zutela, gero polizia berberek akusatutakoen aurkako txostena egin zutela, eurek eskatu zituztela atxiloketa eta miaketak, akusaziorako ustezko frogak biltzen dituzten txostenak egin dituztela, eta, gainera, hasierako polizia berak aritu direla epaiketan peritu lanetan. «Hasierako polizia txosten bera da fiskalaren txostenen oinarria, zenbait kasutan akats ortografiko berak egiteraino. Orain, epaimahaiak gauza bera egitea nahi dute», ohartarazi du Landak, ondorio batetara iristeko: «Hemen ez da frogarik, dokumenturik edo lekukorik ekarri behar; hemen poliziek egiten dute dena».
Oinarri horretatik abiatuta, poliziek egindako guztia, arrazoi izan edo ez, balekoa dela ohartarazi du, hainbat adibide jarrita. Maribi Ugartebururi 2003ko hauteskundeetarako ezker abertzalearen plataformak osatzea egozteko «froga» bakarra zein den esan zuen, akusazioen «ridikulua» agerian uzteko: «Herria 2000 Eliza plataformarekin harremana izan omen zuen». Apaiz eta fraideek erlijioari eta gizarte gaiei buruz egiten duten aldizkariari buruz ari direla azaldu die epaileei. «Eta hori da Ugarteburuk Udalbiltzaren bidez plataformak sustatu zituela esateko froga bakarra; ETAko kide dela esateko froga», ohartarazi du.
Jone Goirizelaiak frogarik eza agerian utzi du. Frogatzat dituzten telefono entzuketei dagokionez, horiek legez kontra egin zirela azaldu du. Baina ez hori bakarrik; entzuketen edukiak polizien txostenetan froga perizial gisa aurkeztu direla, inolako prozedurarik jarraitu gabe. Euskaraz ziren elkarrizketak, ez dira ahozko saioan entzun, baina polizien arabera badiren elkarrizketa batzutan ustez esaten direnak egiatzat aurkeztu dituzte txosten perizialean. Gainera, entzuketen zintak ez dira ageri.
Gauza bera gertatu da froga dokumentalarekin. Polizien txosten perizialetan eranskin gisa aurkeztu dira, non aurkitu diren eta txostenek zer esaten duten egiaztatu gabe dauden «ustezko dokumentuak». Euskaratik gaztelerarako itzulpenak «nork egin dituen edo zuzenak diren ere ez dakigu», salatu du. Polizien arabera akusatu batzuk Ekinekoak direla esateko balio duten txosten horiek ere ez dira agertu.
Gainera, ustezko entzuketa eta txosten horiek ere ez dute frogatzen, inolaz, Udalbiltza eta ETAren arteko loturarik, abokatuen esanetan. Areago, defentsaren galderei erantzunaz, poliziek beraiek ukatu egin zuten Udalbiltzak ETArekin zerikusirik duela zein akusatuak Ekinekoak direla baieztatu daitekeenik.
Udalbiltza 2003ko hauteskundeetarako plataformekin lotzeko oinarri txikiena ere ez dagoela ohartarazi du Goirizelaiak. Eta lotura egin nahiari beste arrazoi bat aurkitu dio: 2003ko martxoan Batasuna, EH eta HB legez kanpoko jo zituzten. Maiatzean ziren hauteskundeak, plataformak sortzen hasi ziren eta horiek legez kanpo uzteko beharra zegoen. «Orduan, juxtu, polizien txosten bat agertu zen esanaz Udalbiltzak koordinatzen zituela plataformak, eta legez kanpokoak zirela». Abokatuen ustez, horregatik egin zuten Udalbiltzaren aurka, eta horregatik esan zuten batzuk Ekinekoak zirela hori gezurra zela bazekiten arren. Batasuna legez kanporatu eta plataformak Batasunaren jarraipena zirela esan zutenean, dagoeneko ez zuten Udalbiltzaren tartean sartzeko beharrik, Goirizelaiaren ustez, eta ez zuten, horregatik, akusazio horri buruz gehiago hitz egin. «Baina akusazioei atzera egitea kosta egiten zaie eta horregatik eutsi diote epaiketan, zentzugabea dela agerikoa izan arren».