Herrialdeko proiektu publikoen artean nagusietako bat izan da Bideko autobia. Herri Lan kontseilari Alvaro Mirandak halakotzat jo du aukera izan duen bakoitzean. Lanak amaituta, aurreikusitako epea baino zazpi hilabete lehenago bukatu izana azpimarratu du Mirandak, eta nabarmendu du bide berriak istripuak gutxitzen lagunduko duela. «Azken lau urteotan pertsona bat zendu da errepide horretan; aurreko lau urteetan, berriz, 28».
Segurtasunaz gain, komunikazioa aipatu du Mirandak. Iruñea eta Logroño arteko komunikazioa neurri handi batean erraztuko duela bide berriak. «Errioxaren mugarekin bat egin du Iruñeak», erran du kontseilariak.
Izan ere, aurrerantzean Iruñetik ordubete eskasean egin ahal izanen da Logroñorako bidea. Lizarrakoentzat abantaila bikoitza da, nabarmen murriztu baita haientzat bai Iruñera, bai eta Logroñora joateko denbora ere. Ordu erdi eskasera dituzte orain bi hiriak.
Oraindik, hala ere, autobiaren azken zatia egitea falta da, Logroñoko loturari dagokiona, hain zuzen ere. Azken zati hori amaitu ondoren, A-68 autobidearekin bat eginen du autobiak. Lau kilometro eskas falta dira, beraz. Mirandak penagarritzat jo du zati hori oraindik egin gabe egotea. Espainiako Gobernuak du lan horiek egiteko ardura. Bi urte inguru beharko omen dituzte obrak amaitzeko.
2002. urte amaieran hasi ziren Bideko autobia egiteko lanak. Zizur inguruko lehen zatian ekin zioten lanari proiektua aurrera eramateko bat egin zuten enpresek: FCCk, Nafarroako Kutxako Korporazioak eta NEC taldeak. 70,3 kilometro luze den Nafarroako zatia egin dute enpresa horiek, Zizur Nagusitik ia Logroñoraino.
Ibilbide horretan, besteak beste, Garesko saihesbideko zubia eta Erreniegako tunelak dira azpimarragarri. Garesko zubia 300 metroluze da. Javier Manterola ingeniari nafarrak egin zuen proiektua. 2004ko urrian zabaldu zuten. Erreniegako tunelak, berriz, iazko azaroan ireki zituzten. 1.050 metro luze dira. Bi tunelak bost galeriaren bidez lotuta daude.
Lizarrako saihesbidea, halaber, autobiako gune garrantzitsuenetako bat da. Proiektua hasi aurretiko obra da Lizarrakoa. 1999. urtean zabaldu zuten, zehazki. Autobiak bide hori baliatu, eta moldatu egin du. Egun, lau bideko errepidea da.
Autobiak, gainera, trafikoa kontrolatzeko gunea du. Lizarrako Merkatondoa industrialdean eraiki dute azpiegitura hori. Errepidearen egoera kontrolatzeaz gain, autobiatik pasatzen diren autoen eta kamioien zenbaketa zehatza egiten dute eraikin horretatik. Jaso dituzten lehen datuen arabera, egunero 15.000 auto pasatzen dira, batez beste, autobiatik. Kopuruak gora egiten du Iruñera hurbildu ahala.
ITZALEKO BIDESARIA.Bideko autobiak 324 milioi euroko aurrekontua izan du. Diru hori ordaintzeko sistema berezia baliatu du Nafarroako Gobernuak, itzaleko bidesaritzat jo duena. Sistema horren arabera, ekimen pribatura jo du Nafarroako Gobernuak obrak egiteko. Deialdi publikoaren bidez autobia eraikitzeko eta kudeatzeko ardura izanen duten enpresek, trukean, diru kopuru bat jasoko dute 30 urtez autobiatik pasatzen den auto bakoitzeko: kilometroko 0,076 euro jasoko dituzte auto bakoitzeko, eta 0,1026 kamioi bakoitzeko.
Autobia martxan jarri ondoren, sistema bera baliatu du Nafarroako Gobernuak Nafarroako ubideko obrak egiteko.
Erdara hutsean egindako errepidea
Eztabaidarako arrazoirik eman du Bideko autobiak. Hizkuntza eskubideen auziak eragin du errepide berriak ukitzen dituen herri askotako herritarren eta agintarien haserrea, autobiako kartelak erdara hutsean direlako.Lizarran oihartzun zabala izan du kartelen inguruko aferak, eta milaka sinadura bildu dituzte hiriko eta inguruko herrietako herritarren artean. Estellerriko eta Izarbeibarko herritarrek 3.600 sinadura eraman zituzten joan den ekainaren hasieran Nafarroako Gobernuko erregistrora, autobiako laugarren zatia inauguratu zuten egun berean, hain justu.
Nafarroako ararteko Maria Jesus Arandak berak bat egin du herritarren eskakizunekin, eta kartelek eremu mistoan ele bitan izan behar dutela azpimarratu du behin baino gehiagotan. Baina Nafarroako Gobernuak bere jarrerari eutsi dio. Ezezkoari, alegia.
Joan den ekainean bertan, Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zituen 2000. urteko Administrazioan euskararen erabilera arautzeko dekretua eta eremu mistorako euskarari buruzko plana. Plan horren arabera egin dute erdara hutseko errotulazioa autobian.
Sententziaren harira, Gobernuak kartelak ele bitan jartzeko eskatu zuten Euskara Kultur Elkargoak eta beste hainbat erakundek. Oraingoz, hala ere, Gobernuak ez du horrelakorik egin. Jarrera hori salatu du EAJk, eta galdera egin dio Gobernuari erdara hutseko errotulazioak zenbat balio izan duen jakiteko.