2016ko udazkenean barra-barra zabaldu zen sare sozialen bidez bideo sexual bat; bertan Eibar futbol elkarteko gizonen taldeko bi jokalari agertzen ziren emakume batekin sexu harremanak izaten. Salaketa eta ipini zuen hark; irudi horiek haren baimenik gabe grabatu zirela esan zuen, eta, ondorioz, horien hedapenean ere ez zuela inolako zerikusirik. Eibarko Auzitegian abian da ordutik kasua aztertzeko auzibide bat, eta atzo jakin zen amaitu dutela instrukzioa.
Sergi Enrich, Antonio Luna eta Eddy Silvestre dira auzipetutako jokalariak; lehen biei egozten diete bideoa grabatzea eta zabaltzea; azkenari, berriz, hedatzea. Bost urte arteko kartzela zigorra eska daiteke jokalarientzat delitu horiengatik. Instrukzioa amaituta, Fiskaltzak eta salaketak akusazioa zehaztuko dute orain idatzi batean. Gaur egun Enrichek bakarrik jarraitzen du Eibarren, beste bi jokalariek utzita dute taldea.