Azpiegiturak

Amaitu dute Txinan munduko presarik handiena

185 metroko altuera eta 2.039 metroko luzera hartu du Txinan Yantse ibaiaren arroan eraikitzen amaitu berri duten Hiru Arroilako dikeak, horrenbestez, munduko presarik handienak. 1993an hasi ziren eraikitzen, eta egin ahal izateko 1,3 milioi nekazari beren etxeetatik bidali dituzte, eta ehun behargin inguru hil dira eraikitze lanetan. Halaber, ekologistek behin eta berriz ohartarazi dute proiektu erraldoi horrek ingurumenean eragingo duen kalteaz.

2006ko maiatzaren 20a
13:12
Entzun
Dikearen eraikuntza gaur amaitu dute, aurreikusitakoa baino hamar hilabete lehenago, baina 2008 arte ez da hasiko funtzionatzen eta argindarra sortzen.

Hiru Arroiletakopresa Txinako agintarien aspaldiko ametsa da. Txinako Errepublikaren sortzaile Sunt Yatek 1911n jada agertu zuen halako asmorik; Mao Zedong iraultza komunistaren egile eta Errepublika Herritarraren sortzaileak bultzatu zuen, eta Den Xiaopingek jarri zuen abian. Nolanahi ere, Jian Zeming agintari zela hasi ziren lanak, 1993an, eta, okerrik ezean, Hu Jintaok inauguratuko du.

Agintarien arabera, bi helburu handi beteko ditu Hiru Arroiletako presak: batetik, Yangtse ibaian aldiro-aldiro izaten diren uholdeak kontrolatzea, eta, bestetik, ekialdeko hiriak argindarrez hornitzeko dituzten arazoak konpontzea. Yantse ibaia munduko hirugarren luzeena da, Amazonas eta Niloren ondoren.

Ekologistek, ordea, oso bestelako ikuspegia agertu dute: ur emarian ohiko bidea guztiz deusezten denez, ingurumenean kalte handiak izango direla iragarri dute; areago, hondamendiak gerta daitezkeela ohartarazi dute. Halaber, herritar asko haserre daude. Izan ere, dikea egin ahal izateko 1,3 milioi nekazari beren bizilekuetatik beste leku batzuetara bidali behar izan dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.