Iñaki Antiguedad, Jon Iñarritu, Iker Urbina, Sabino Cuadra, Maite Aristegi, Rafa Larreina eta Xabier Mikel Errekondo Amaiur koalizioaren diputatuek gaur jaso dituzte Espainiako Kongresuan kreditazioak, eta PPri "errezeta zaharrak alboratzeko" eskatu diote. Ganberako alderdiekin gaur bertan hasi dira hizketan, Efe berri agentziak Amaiurreko eta alderdi txikietako iturriak aipatuz arratsaldean esan duenez. Amalur Mendizabal, Alberto Unamunzaga eta Urko Aiartza koalizioko hiru senatariek ere euren kreditazioak jaso dituzte.
Zerbitzu juridikoekin "informazioa zehatz-mehatz aztertu" ostean, Jose Bono Kongresuko jarduneko presidenteak gaur adierazi du Amaiurrek talde parlamentarioa izateko eskubidea duela. Amaiurrek zazpi diputatu lortu zituen arazoaren 20ko hauteskundeetan, baina Bonok esan du "ETAren lagunek" seirekin luketela taldea.
Izan ere, koalizioak berez ez ditu baldintza denak betetzen zazpirekin izateko taldea, Nafarroako botoen ehuneneko txiki bat falta zaiolako. Araudiak aukera batzuk aurreikusten ditu taldea osatzeko: hamabost diputatu izatea, hautagaitzak aurkeztutako hautesbarrutietako botoen %15 jasotzea edo estatu osoan emandako botoen %5 lortzea. Amaiurrek %15eko babesa gainditzea lortu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina Nafarroan %14,86an geratu zen. Beste taldeen laguntza edo araudiaren malgutasuna beharko ditu talde parlamentarioa izateko. Antzeko kasuan da UPD, estatuan %4,69 lortu zuelako.
Bonok berriro azaldu du ez duela batere gustuko Amaiur. "Atzo hiltzen zutenak edo hiltzaileak justifikatzen zituztenak ez dira orain pertsona on bihurtu. Atzo miresableak zirenak gaur ere hala dira", esan du Kongresuko jarduneko presidenteak gaur.
Bost egun
Diputatuen karguaren zina egiteko ekitaldia bihar izango da. Orduan osatuko da Kongresuko Mahaia ere, eta haren esku egongo da Amaiurri talde parlamentarioa osatzen uztea ala ez erabakitzea.
Talde parlamentarioen osaketa eta funtzionamendua Kongresuko araudiaren bigarren tituluan zehaztuta dago, 23. artikulutik 29. artikulura. Araudiaren arabera, Kongresuko Mahaia eratzen denetik diputatuek bost eguneko epea dute talde parlamentarioa osatzeko; hau da, hilaren 18ra arte. Taldea osatzeko eskaria Mahaiari egin behar diote, idatziz.
Hortaz, erabakia hartuta egongo da Espainiako Gobernuko presidentearen inbestidura saioa hasten denerako: 19an eta 20an izango dira saioak. Mariano Raxoi izango da gobernuburu, PPk gehiengo osoa lortu baitzuen.
Ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak osatzen dute Amaiur. Hego Euskal Herrian diputatu gehien lortu zituen indarra izan zen, zazpirekin —333.000 boto—.