Espainiako Kongresurako hauteskundeen ondoren, Ganberako taldeak antolatzerakoan, talde propioa izatea ukatu zion Kongresuko Mahaiak Amaiurri. Ez zituela horretarako baldintzak betetzen argudiatu zuen. Amaiurren ustez, ordea, erabakiak taldea izateko eskubidea urratu zion koalizioari, ordura arteko irizpidea aldatuta. Helegitea aurkeztu zuen, horregatik. Urtebetera erantzun du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, auzian sakon sartu gabe: koalizioaren eskaera ez du tramiterako onartu. "Argi dago ez dela urratu babestu beharreko eskubide oinarrizkorik", argudiatu du helegitea baztertzeko erabakian.
Horren harira, prentsaurrekoa eman du gaur Amaiurrek. Salatu dute urtebete baino gehiago tramitatzen egon ondoren erresoluzio labur baten bidez helegitea tramitatzerik ez dutela onartu. Gaia "ez sakontzeko aitzakia" izan dela pentsatzen dute, "ondo aztertuz gero, juridikoki eskaerari arrazoia eman beharko diotelako", haien esanetan.
Lehen egunetik Alderdi Popularrak Amaiur isildu nahi izan duela ziurtatu dute, iraganeko zenbait kontu erabiliz. "Alderdi Popularrak badaki Amaiur edo EH Bildu dela gure herriaren alternatiba. Badaki aldaketaren buru izan gaitezkeela arlo guztietan". Gaineratu dute Auzitegi Konstituzionalaren erabakia ez dela Amaiurren kontrakoa, euskal gizartearen zati handi baten kontrakoa baizik. Amaiurrek ateratako 330.000 botoren baino gehiagoren kontrakoa ere badela uste dute. "Orain arteko bidean jarraitzen badute, eta badirudi asmo hori dutela, legegintzaldia amaitu egingo dute, eta gure ahotsa oraindik eta indartsuagoa dela ohartuko dira".