Maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan Bilduk lortu zituen emaitzak hobetu ditu Amaiurrek, eta EAJrekiko aldea handitu egin du —46.210 botoren aldea, maiatzeko bozetan baino 7.980 gehiago—. Maiatzeko bozetako joera indartu da Gipuzkoan, eta abertzaletasuna sendotu egin da. Hirugarren indar politikoa PSE-EE izan da. Boto galera handia izan dute sozialistek, 2008ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeekin konparatuta. Hala ere, maiatzean lorturiko emaitzak hobetu ditu. PPk, berriz, gora egin badu ere, ez du PSE-EEk galdutako botoen neurrian egin. Lau indar politiko horiek izango dute ordezkaritza Espainiako Kongresuan: Amaiurrek hiru diputatu, eta bana EAJk, PSE-EEk eta PPk.
Ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak osatutako koalizioak 129.655 boto lortu ditu (%34,80). Hori hala, Amaiurrek hiru diputatu izango ditu Kongresuan: Maite Aristegi, Rafa Larreina eta Xabier Mikel Errekondo. Eta hiru senatari: Amalur Mendizabal, Alberto Unamunzaga eta Urko Aiartza.
Maiatzeko udal eta foru hauteskundeekin konparatuta, Amaiurrek 10.561 boto gehiago lortu ditu. Orain, Aralar gehitu zaio koalizioari —17.230 boto eskuratu zituen maiatzean—.
Espainiako hauteskundeetan Gipuzkoan indar politiko batek inoiz lortu du duen boto kopururik altuena lortu du Amaiurrek. PSE-EEk 127.840 lortu zituen 2008an, eta EAJk 125.389 ,1982an.
EAJk eutsi egin dio maiatzeko emaitzei; baita 2008ko hauteskundeetan lortutakoei ere. 83.445 boto lortu (%22,40). Emaitza horrekin diputatu bat izango du Kongresuan: Arantxa Tapia. Eta senatari bat: Lore Leanizbarrutia.
Maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan baino 2.590 boto gehiago lortu ditu EAJk. Eta Espainiako Gorteetarako 2008ko hauteskundeetan baino 5.542 gehiago.
Alderdi sozialistak Espainian izan duen gainbehera nozitu du PSE-EEk. 78.100 boto lortu ditu (%20,96), eta diputatu bakarra izango du Madrilen: Odon Elorza.
2008ko emaitzekin konparatuta, boto galera handia izan du: 49.740 gutxiago. Hala ere maiatzeko hauteskundeetan jaso zuen kolpea leundu egin du, eta 19.169 boto gehiago lortu ditu.
PPk, berriz, 51.088 boto lortu ditu (%13,71), eta diputatu bat izango du: Eugenio Azpiroz.
2008an baino 3.230 boto gehiagoeta maiatzean baino 16.879 boto gehiago lortu ditu. Hala ere, PPk emaitza hobeak lortu izan ditu2004ko, 2000ko eta 1996ko Espainiako Gorteetarako bozetan.
Maiatzeko hauteskundeekin konparatuta, lau alderdi horiek gora egin dute boto kopuruan; bereziki, parte hartzean izandako igoerak eragin du hori. % 67,69 izan da parte hartzea. Maiatzean baino 10 puntu gehiago eta 2008an baino 5 puntu gehiago.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Gipuzkoa
Amaiur nagusitu da, eta abertzaletasuna sendotu
Gipuzkoan botoa eman duten herritarren %34,80k babestu dute koalizioa, eta hiru diputatu izango ditu KongresuanEAJk eutsi egin dio, eta PSE-EEk, galera izan badu ere, maiatzeko emaitza txukundu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu