Espainiako Diputatuen Kongresuan talde propioa izango du Amaiurrek. Legearen zirrikituak baliatuko dituzte horretarako. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sei ordezkariek osatuko dute taldea, aurrena, eta geroago batuko zaie Sabino Cuadra, Nafarroako ordezkaria. Azken horrek ez zuen kargurik hartu atzo; ez zen izan hemizikloan.
Iñaki Antiguedadek, Jon Iñarrituk, Iker Urbinak, Maite Aristegik, Rafa Larreinak eta Xabier Mikel Errekondok hartu zuten kargua, «legeak hala aginduta» Espainiako Konstituzioa betetzea hitzemanda. Kargua hartutako diputatuekin taldea osatzea eskatuko diote atzo osatu zen Mahaiari. Sei diputatu horiek betetzen dituzte legeak eskatzen dituen baldintzak —gutxienez bost diputatu osatzea eta aurkeztutako hauteskunde barrutietan botoen %15 eskuratzea—, eta, beraz, Mahaiak ezin die ukatu taldea.
Taldea osatuta dagoenean batuko zaie Cuadra. Hura Nafarroan aukeratu zuten diputatu, baina ez zen botoen %15era iritsi —%14,86 lortu zituen—. Kongresuko legearen 26. artikuluak honela dio: «Beren kargua Kongresua osatu ostean hartzen duenak bost eguneko epea izango du talde batean sartzeko. Taldeko bozeramailearen oniritzia beharko du».
Xabier Mikel Errekondok hala esan du osoko bilkura amaitutakoan emandako prentsaurrekoan: «Taldea osatzeko beharrezkoa dena egingo dugu». Nolanahi ere, argi utzi du Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan duela ordezkaritza Amaiurrek, eta lurralde horietako guztietako herritarren interesak defendatuko dituztela.
Aurrerantzean egingo duten lanak bi ildo nagusiri jarraituko diola esan du. Batetik, Euskal Herriaren nazio izaera aitortzea, eta hari autodeterminazio eskubidea onartzea izango dute egiteko. Bestetik, gatazka politikoari konponbide demokratikoa emateko ahalegina egingo dute.
Osatuko den gobernu berriak ere ildo horretan lan egingo duen itxaropena agertu du, gainera, Errekondok, «behin betiko bakea lortzeko». Hala, bai parlamentuko taldearen gaian eta bai bakerako ahalegina egiteko orduan buru argiz eta ausart jokatzeko deia egin dio PPri. «Ukazioaren garaiak amaitu dira; konponbiderako garaia da».
Nolanahi ere, ez dute oso jarrera irekia topatu PPren eta UPDren alderik. Ordezkaritza duten alderdi guztiekin harremanak izan nahi dituzte Amaiurrekoek, eta atzo eta herenegun hainbat bilera egin zituzten ordezkari horiekin, baina PPk eta UPDk ez diete haien eskaerari erantzun, momentuz. Datozen egunetan erantzungo dioten eta harreman normalizatuak abiatuko dituzten itxaropena du Amaiurrek.
Alfonso Alonso PPren bozeramaileak esan du Amaiurrek badakiela ezin duela talde propiorik izan.
Espainiako Gorteak. Legegintzaldi hasiera
Amaiur sei diputaturekin saiatuko da parlamentuko taldea osatzen
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkariek osatu asmo dute legebiltzarreko taldea, eta Sabino Cuadra batuko zaie geroagoKongresuko alderdietako ordezkariekin «harreman normalizatua» izan nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu