«Gaur-gaurkoz, Araba ez da unionisten gotorlekua. Araba etorkizunera begira dago, eta etorkizuna Euskal Herriaren eskubideak onartzea ere izango da». Amaiur koalizioak argi dauka «historian lehen aldiz» ezkerreko arabar abertzale, independentista eta soberanistek aukera dutela Madrilen ordezkari bat lortzeko. Azaroaren 20an, hortaz, «erronka historikoa» du Amaiurrek herrialde horretan. Hala esan du Iker Urbina zerrendaburu arabarrak Gasteizen. Europa kiroldegia lepo bete duten ehunka lagunen aurrean hitz egin du Espainiako Kongresurako hautagaiak: «Gure herriaren historia Arabatik ere idaztera goaz», adierazi du.
Eguneko ekitaldi nagusia egin du Amaiurrek Gasteizen, eta arabarrei mezu argi bat eman nahi izan die koalizioak: Euskal Herriaren une historiko honetan, arabarrak aldaketa prozesuaren protagonista izango dira. «Ukazioaren eta eskubideen urratzean» oinarritutako egitasmoa inposatzen saiatu diren alderdi «unionistei» zuzendu zaie Urbina. Adierazi die «aurrez aurre» izango dutela Amaiur Madrilgo Kongresuan eta Senatuan, etorkizunari begira eta bestelako Euskal Herri bat eraikitzeko prest.
Araban gauzak aldatzen ari direla nabarmendu du Urbinak. Haren esanetan, ez da kasualitatea azken egunotan Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Alfredo Perez Rubalcaba Gasteizen egon izana, eta gaur Mariano Raxoik ekitaldia egitea Arabako hiriburuan. «Herrialdean eraikita daukaten inposizioaren gotorlekua galtzeko beldur dira», esan du. PPko hautagaiak gaur egingo duen bisitari aipamena eginez, Urbinak esan du «iraganaren eta ukazioaren» proiektua aurkeztuko duela, eta dei egin dio azal dezan zer duen eskaintzeko Euskal Herrian «eskubideak eta demokrazia» aldarrikatzen duen gizartearen gehiengoarentzat.
Burujabetza
Euskal Herriko langileriarekin duen konpromisoa ere berretsi du Amaiurrek Gasteizko ekitaldian. Euskal Herriko langileen eskubideak defendatzeko bidea burujabetzan oinarrituta etorriko dela esan dute Igor Navarro eta Alex Larragoiti hautagaiek. Azaldu dutenez, Amaiurrek langileriaren defentsa egingo du Madrilen: lan harremanetarako euskal esparrua defendituko du, erretiratzeko adina atzeratzea baztertuko du, aberastasuna banatzea, justizia soziala lortzea, kalitatezko enplegua sortzea eta sistema publiko sendoa eraikitzea aldarrikatu du, besteak beste.
Euskal Herriak esparru sozio-ekonomiko berri baterantz hasi duen bidean Amaiurrek buru-belarri lan egingo du Madrilen, Larragoitik azaldu duenez. Euskal Herriak iraun nahi badu, independentzia lortu behar duela esan du: «Independentzia behar dugu, espainarren menpe jarraituz gero hondoratuko garelako».
Begoña Garaigordobil Kongresurako hautagaiak, bestalde, adierazi du bakea eta normalizazio politikoa lortzeko tresna dela Amaiur, eta helburu horiek lortzeko ezinbestekoa dela Madrilera «indartsu» joatea.
Amaiurren ekitaldian, Arabako hautagaiekin batera, koalizioa osatzen duten ezker abertzalea, EA, Alternatiba eta Aralarreko alderdietako ordezkari nagusiak ere izan dira, babesa ematen. Besteak beste, Rufi Etxeberria, Hasier Arraiz, Pello Urizar, Rebeka Ubera eta Dani Maeztu.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
Amaiur ziur da Arabak «unionisten gotorlekua» izateari utziko diola
Koalizioak dio Madrilen ordezkari bat lortzeko «erronka historikoa» dutela Arabako abertzaleek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu