politika

Amaiurrek astelehenean jasoko ditu kreditazioak Kongresuan

Koalizioak dio ganberako eragile denekin jarri dela harremanetan, eta guztiekin hitz egin nahi duela. Karguari zin egiteko ekitaldia asteartean izango da, eta orduan osatuko da Mahaia. Honek hilaren 19ra arteko epea izango du Amaiurren taldeari buruz erabakia hartzeko.

2011ko abenduaren 7a
18:14
Entzun

Iñaki Antiguedad, Jon Iñarritu, Iker Urbina, Sabino Cuadra, Maite Aristegi, Rafa Larreina eta Xabier Mikel Errekondo Amaiur koalizioaren diputatuek astelehenean jasoko dituzte Espainiako Kongresuan kreditazioak, Amaiurrek gaur BERRIAri jakinarazi dionez. Haren hiru senatariek ere jasoko dituzte kreditazioak. Koalizioak azaldu du Kongresuko eragile denekin jarri dela harremanetan, eta guztiekin hitz egin nahi duela; besteak beste, Amaiurrek talde parlamentarioa osatzeari buruz.

Karguari zin egiteko ekitaldia asteartean izango da, eta orduan osatuko da Kongresuko Mahaia. Honek hilaren 19ra arteko epea izango du Amaiurren taldeari buruz erabakia hartzeko. Gobernuko presidentearen inbestidura saioak hilaren 19an eta 20an —Mariano Raxoi izango da gobernuburu, PPk gehiengo osoa lortu baitzuen azaroaren 20ko hauteskundeetan—.

"Gatazka politikoa gainditzeko oinarriak" eramango ditu Amaiurrek Madrilera, bozen ondoren berretsi zuenez. "Euskal herritarron hitz eta erabakiari errespetua exijitzera goaz".

Hego Euskal Herrian diputatu gehien lortu zituen indarra izan zen, zazpirekin —333.000 boto—. Dena dela, ez du ziurtatua talde propioa Kongresuan. Izan ere, berez ez ditu baldintza denak betetzen horretarako, Nafarroako botoen ehuneneko txiki bat falta zaiolako. Araudiak aukera batzuk aurreikusten ditu taldea osatzeko: hamabost diputatu izatea, hautagaitzak aurkeztutako hautesbarrutietako botoen %15 jasotzea edo estatu osoan emandako botoen %5 lortzea. Amaiurrek %15eko babesa gainditzea lortu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina Nafarroan %14,86an geratu zen. Beste taldeen laguntza edo araudiaren malgutasuna beharko ditu talde parlamentarioa izateko. Antzeko kasuan da UPD, estatuan %4,69 lortu zuelako.

Ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak osatzen dute koalizioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.