12.000-15.000 lagun behar dira mitin politiko batean Donostiako Anoetako Belodromoa betetzeko, Amaiur koalizioak horixe egin nahi zuen gaur, bere kanpainako ekitaldi nagusian, eta lortu du: bete du. 17:30ak pasatxo ekin diote ekitaldiari —17:00etan ziren hastekoak—, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiarekin hitzaldiarekin.
Bukaeran Iñaki Antiguedad Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak esan du "belodromoa klima politikoaren aldaketaren seinale" gisa hartu behar dela. Aurrez, gogoratu du Batasunak datorren astelehenean zazpi urte egin zuela Anoetan bertan bake proposamena. Jon Idigoras zena ere gogoan izan du. PSOEri eta PPri ohartarazi die Amaiur "prest" dagoela "ideien borrokarako" eta Euskal Herriak estatua lor dezan. "Estatua ona da espainolentzat, estatua ona bada frantsesentzat, zergatik ezin du estatuak ona izan euskal jendearentzat? Estatua nahi dugu. Beste estatuek daukaten ahalmen bera nahi dugu guk ere. Gaitasunik ez dugu nahi, gaitasuna jaio ginenetik daukagu. Behar duguna, ahalmena da".
Patxi Zabaletak esan duenez, "Euskal Herria Europa barruan nazio bat da", eta horrela jokatu behar da.
Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak iragarri du Espainiako hauteskundeak PPk irabaziko dituela ziurrenik, "baina jakin dezala bere garaipena oso mikatza izango dela. Bere biharamunak izena badu: Amaiur. Euskal Herriaren askatasuna lortu arte ez da geldituko. Etorkizuna gurea da, elkarrekin eraiki dezagun zubia".
Pello Urizar EAko idazkari nagusia gustura agertu da bere hitzaldian, "plazer bat da belodromoaren itxura ikustea. Politika herritarrengandik hain urrun dagoela esaten den une hauetan, Amaiurrek jendea biltzeko duen gaitasuna ikustea ederra da. Segurtasun handia ematen digu zuen guztion babesa izateak". Haren arabera, "Euskal Herriak konponbidea behar du eta orain behar du. Behin betiko bake justua eta demokrazia lortzeko aukera dugu, eta ezin diogu ihes egiten utzi. Euskal Herria eraikitzeko benetako aukera da".
Maite Aristegi Kongresurako zerrendaburuak jakinarazi du gaur goizean Jose Luis Elkororekin egon dela, eta Elkorok Xibertako akten liburua eskuetan zuela honakoa esan diola: "Orduko mezua eta gaurkoa, herriaren eskariak berdin-berdinak dira. Hori da gure aberastasuna, arrazoia daukagula". Aristegik Espainiako Gobernuari Gernikako Akordioa puntuz puntu betetzeko eskatu dio. "Gaia oso sinplea da: errespetua. Erakus dezala behingoz, Espainiak heldutasun politiko eta demokratikoa".
200en bat gazte oholtzara
Berrehunen bat gazte oholtza gainera igo dira, eta haien izenean Maider Carrerre eta Andoni Rojo mintzatu dira. "Independentziaren olatuaren gorenean gaude, eta ez gaituzte geldituko. Ez dira gutxi izan belaunaldiz belaunaldi jasan behar izan ditugun oztopoak, gazteria kikiltzen saiatu dira, baina ez dute lortu. Hemen gaude eta hemen geldituko gara. Tinko eta irmo!, Euskal Herriaren etorkizuna gure eskuetan dagoelako. Gazteen artean indarrak biltzeko gai izan gara, banatzen gaituena gaindituz eta elkartzen gaituena indartuz".
400en bat hautetsi ere bai
Bilduko eta Aralarreko 400en bat hautetsi ere oholtzara igo dira, Amaiurri babesa ematera. Koalizioa "tresna eraginkorra" izango dela iritzi diote.
Independentziaren eta presoen eskubideen aldeko oihuak
Tarteka musika saioak izan dira Belodromoan —Anje Duhaldek Amnistiaren dema abestu du, kasu—, eta jendea independentziaren aldeko oihuak egiten aritu da etengabe. Euskal presoen eskubideen aldeko oihuak ere izan dira.
Ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak osatzen dute koalizioa.