2011ko egoera politikoa eta 1976koa «oso bestelakoak» direla azaldu du Pello Urizar Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak; baina, hala eta guztiz ere, independentisten joko zelaia «1976koa bezain mugatua» dela. Horregatik, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan «mugak» jasaten dituen aukera politiko bakarra Amaiur dela salatu du, Ikerne Badiola EAko Komunikazio idazkariarekin egin duen agerraldian.
ETAren adierazpenaren ondoren ere euskal gatazkak berean dirauela ohartarazi du Urizarrek. Hala, azaldu du presoen egoeran berririk ez dagoela eta sakabanaketak bere horretan dirauela. Arnaldo Otegi gogoan izan du, «politikari batzuek kanpainan espetxetik parte hartu» dutela adierazita.
Gatazka politikoa ez ezik, egoera sozioekonomikoa ere bideratzeko beharra zehaztu du Urizarrek. EAJ, PP eta PSOE «krisia eta pobrezia ekarri dituen eredu sozioekonomikoa mantentzearen» erantzule dira, haren esanetan.
Jardun armatuaren behin betiko amaierak «etapa berria» ireki duela adierazi du politikari abertzaleak. Prozesuaren «etaparik erabakigarriena hasi» besterik ez dela egin gaineratu du. Halako egoeran, gizartearen protagonismoa aldarrikatu du, herritarren parte hartzeak «hauteskundeak ez ezik Euskal Herriaren etorkizuna baldintzatuko» duelako.
Horregatik, Amaiurrek Donostiako Anoeta Belodromoan larunbatean egingo duen ekitaldian parte hartzeko deia egin die Urizarrek herritarrei. Koalizio abertzalearen hauteskunde kanpainako ekitaldi politiko nagusia izango da. Belodromoa txiki bihurtzeko helburua dute koalizioko kideek, «aldaketa politiko eta soziala» aldarrikatzeko.
Amaiurrek bozetan dituen mugak salatu ditu Urizarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu