Amaiurrek Espainiako Kongresuan talderik ez izatea erabaki du PPk

«Erabakia politikoa» dela esan du koalizioak, eta bide guztiak agortuko dituela adierazi du

Erredakzioa
2011ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Amaiurrek ez du talde parlamentarioa izango Espainiako Kongresuan, oraingoz. Hala erabaki zuen atzo gauean PPk. Kongresuko zerbitzu juridikoen txosten batean oinarrituta hartu zuen erabakia —Mahaian PPk du gehiengoa eta taldea izatearen aurka bozkatu zuen; PSOE eta CiU abstenitu egin ziren—.

Txostenaren arabera, Amaiurrek ezin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sei diputatuekin taldea osatu, koalizio horrek Nafarroan ez zuelako «araudiak zehatutako» botoen %15 eskuratu .

Sabino Cuadra Nafarroan aukeratu zuten diputatu, botoen %14,86 lortuta, baina ez zuen kargua hartu astelehenean Kongresuan eginiko saioan.

Mahaiak dio Cuadra ez aurkeztea Amaiurren «amarru» bat dela. Txostenak dio taldea osatu nahi bada, aintzat hartu behar direla alderdia aurkeztu den barruti guztietako emaitzak. Alegia, alderdiei dagokiela taldea osatzea eta ez diputatuei. 2004an, baina, zerbitzu juridikoek esan zuten taldea osatzeko diputatuek duten eskubidea lehenetsi behar dela.

Amaiurreko kideek atzo arratsaldean egin zuten taldea osatzeko eskaera. Ondoren, Jesus Posada Kongresuko presidentearekin bildu ziren. Bileraren ostean eginiko adierazpenetan, adierazi zuten Mahaiak hartutako erabakia edozein izanda ere «erabakia politikoa» izango zela, eta bide guztiak agortuko dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.