Espainiako Kongresuko Mahaiaren erabakiz, Amaiur koalizioak ez du talde parlamentario propioa izango. Gaur 22:30ak aldera jakin da berria. Aurretik Kongresuko zerbitzu juridikoek baztertu egin dute Amaiurrek taldea izatea, koalizioaren hautagaitza osorik hartu behar dela argudiatuta —lau euskal lurraldeetakoa, Nafarroa bereizi gabe—, eta Nafarroan ez zuenez %15 lortu —%0,14ra geratu zen—, zerbitzu juridikoek diote ez dituela baldintzak betetzen. Haren txostena ez da lotzailea, baina Mahaiak aintzat hartu du.
Hain justu, bederatzi kidek osatzen dute Kongresuko Mahaia, eta haietatik bost PPkoak dira, hiru PSOEkoak eta bat CiUkoa. PPkoak Amaiurrek talde izatearen aurka azaldu dira, eta PSOEkoak eta CIUkoa abstenitu egin dira. Horiek esan dute txostenak ez duela Kongresuaren zigilurik, ezta zerbitzuko kideen sinadurarik ere. "Ez da txosten serioa".
Bihar 20:00ak arteko epea egongo da Kongresuan helegiteak aurkezteko, eta Mahaiak astelehenean hartuko du erabakia, Bozeramaileen Batzordeko kideei entzun ostean. Ondoren, Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea jartzeko aukera baino ez legoke.
20:00etan amaitu da taldeak sortzeko eskaerak egiteko epea, eta Kongresuko Mahaia 21:45etik izan da bilduta, erabakia hartzeko —20:30ean zen hastekoa bere bilera—.
Kongresuko presidentearekin bilera arratsaldean
Amaiur koalizioko ordezkariak hiru ordu laurdenez bildu dira arratsaldean Jesus Posada (PP) Kongresuko presidentearekin, baina honek ez die argitu Amaiurrek taldea izango duen ala ez. Zazpietatik aurrera batu dira.
Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko bozeramaileak Posadarekin batzartu ondoren esan duenez, Mahaiaren erabakia ez da juridikoa izango, "baizik eta soilik politikoa". Koalizioaren ustez, "taldea izatea ez da helburua; lan egiteko tresna da".
Laurak pasa zirela Amaiurreko momentuko sei diputatuek Kongresuan talde parlamentarioa osatzeko eskaera egin dute, sarrera ofiziala eginda. Errekondo, Iker Urbina, Jon Iñarritu eta Rafa Larreina joan dira erregistrora. Iñaki Antiguedad eta Maite Aristegi dira haren beste bi diputatuak. Sabino Cuadra oraindik ez da, ez diolako Konstituzioari zin egin.
Koalizioak Nafarroan %14,86 lortu zuen, ez %15, eta Kongresuko araudiaren anbiguotasuna saihesteko asmoz egin dute momentuko sei diputatuek talde eskaera. Horiek Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik aurkeztu ziren, eta horietako bakoitzean bai gainditu zuela koalizioak %15. Nafarroako Cuadra geroago batuko litzateke taldera.