Espainiako Kongresuko Mahaiak atzera bota du gaur goizean Amaiurrek talde propioa izateko ostiralean aurkeztu zuen helegitea, eta koalizioak talde propioa izan ez dezan ostegunean hartu zuen erabakia berretsi du. Koalizioaren ordezkariak Madrilen dira Mariano Raxoiren inbestidura saioan, eta han bertan iragarri dute Epaitegi Konstituzionalean joko dutela erabaki horren kontra.
Bederatzi kidek osatzen dute Kongresuko Mahaia, eta haietatik bost PPkoak dira, hiru PSOEkoak eta bat CiUkoa. PPkoek bozkatu dute helegitearen aurka, eta PSOE eta CiU abstenitu egin dira, ostegunean egin bezala. Aurretik 09:00etan Kongresuko bozeramaileen batzordea bildu da, eta horien artean soilik PPkoa agertu da Amaiurren aurka.
Bozeramaileen batzordea, alde
Bozeramaileen batzordeak bere jarrera agertu dio Kongresuko Mahaiari, baina hor, gehiengoa duenez, PPren iritzia nagusitu da. Celia Villalobos Mahaiko presidenteak (PP) argudiatu du helegiteak ez dituela argitzen Amaiurren aurkezten zituen arazoak, eta koalizioari geratzen zaion aukera bakarra epaitegietara jotzea dela gaineratu du, Konstituzionalera.
Atzera bota duten helegitean Amaiurrek argudiatu zuen bazirela orain bete nahi den araua hausten duten aurrekariak, eta araudiak koalizioak taldea izatea baimentzen duela, "zalantzarik gabe". Villalobosek, gainera, baztertu egin du aurrerago Kongresuaren ekimenez behintzat Amaiurrek talde propioa izatea, bere iritziz epeak "oso zorrotzak" baitira horretarako.
Talde misto handia
Talde propiorik gabe, Amaiurrek beste zazpi alderdirekin tartekatu beharko du Kongresuan talde mistoak izango duen denbora. Inbestidura saioan, esate baterako, ordu erdi izango du talde mistoak bihar eta besteekin batera banatu beharko du denbora; zazpi parlamentarirekin EAJren ondoren hitz egin beharko dute Amaiurreko ordezkariek, nahiz eta jeltzaleek bost parlamentari izan.
Talde mistoak hamalau diputatu izango ditu, Amaiurreko zazpiez gain, BNGko bi, CC-NCko bi, Compromis-Equokoo bat, Geroa Baiko bat eta UPNko bat. ERC oraingoz IUren taldean egongo da, eta ondoren talde mistora pasatzekoa da, eta hori gauzatzen denean hiru diputatu gehiago gehituko zaizkio.
Txosten eztabaidagarria
Kongresuko zerbitzu juridikoek ostegunean baztertu egin zuten Amaiurrek taldea izatea, koalizioaren hautagaitza osorik hartu behar dela argudiatuta —lau euskal lurraldeetakoa, Nafarroa bereizi gabe—, eta Nafarroan ez zuenez %15 lortu —%0,14ra geratu zen—, zerbitzu juridikoek esan zuten ez dituela baldintzak betetzen.
Txostena, berez, ez da lotzailea, baina Mahaiak aintzat hartu zuen ostegunean, eta gaur berdin bozkatu du. Hainbat alderdik salatu zuten zerbitzu juridikoek bere txostena ezagutzera eman ostean ez zela hori "serioa" sinatu gabe, datarik gabe eta ziligurik gabekoa delako, bai Amaiurreko kideak, baita PSOE eta CiU ere.