Amaiurrek argi dauka parlamentuko talderik gabe uzteko Espainiako Kongresuko Mahaiak hartu duen erabakia «soilik politikoa» dela. «Erabaki politikoa eta ukatzailea da», adierazi du Xabier Mikel Errekondo koalizioko bozeramaileak. Herenegun gauean jakinarazitako ebazpena «argudio juridiko ahuletan» oinarrituta dagoela adierazi du Amaiurreko kideak, eta PPren «jarrera oztopatzailearen» erakusle dela salatu du. «PPk beldur dio konfrontazio politikoari», ondorioztatu du Errekondok.
Hori hala, Mahaiaren erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu du Amaiurrek Espainiako Kongresuan, eta alderdi popularrari eskatu dio orain arte izan duen jarrera baztertzeko, eta konponbide prozesuan urratsak egiteko, hori eskatzen baitie, Errekondoren arabera, euskal gizarteak «eragile guztiei».
«Inork pentsatzen bazuen PPk Amaiurri aukera emango ziola euskal gizartearen ahotsa entzunarazteko, oker zegoen», adierazi du koalizioko bozeramaileak Donostian eginiko prentsaurreko batean. Errekondok gaineratu du egoera «zaila» izanik ere Amaiurrek lanean jarraituko duela «euskal gizartearekin harturiko konpromisoak betetzeko» eta «PP konponbidearen agertokira ekartzeko». «PP eragile ezinbestekoa da, eta Espainiako Gobernua osatuko duen heinean, erantzukizun handia dauka konponbide prozesuan».
Mahaian duen gehiengoaz baliatuta, Amaiur parlamentuko talderik gabe utzi zuen PPk herenegun gauean. Mahaian ordezkaritza duten gainontzeko alderdiek (PSOE eta CIU) ez zuten iritzi bera agertu, eta abstenitu egin ziren. «Abstenitu egin dira, guk uste dugun bezala haiek ere uste dutelako erabakiak oinarri juridikorik ez duela», esan du Errekondok.
Kongresuko zerbitzu juridikoek eginiko txosten batean oinarrituta hartu zuen erabakia Mahaiak. Amaiurreko bozeramaileak salatu duenez, txostenean erabilitako argudioak «ahulak» izateaz gain, PPko kideek bere gain hartu zuten Mahaiari ez dagokion gaitasun bat. Alegia, txosten juridikoan jasotako argudioak «nahi bezala» erabili zituztela uste du Errekondok, «ikuspuntu murriztaile bat inposatzeko».
Ikuspuntu aldaketa
Amaiurrek erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu zuen atzo arratsaldean. Mahaiak astelehena baino lehen erabaki beharko du, Bozeramaileen Batzordeko kideei entzun ostean. Erabakia berretsiz gero, Konstituzionalean babes helegitea jartzeko aukera baino ez du izango koalizioak.
Aurkeztutako helegitean Amaiurrek gogor salatu du PPko kideen jarrera arbitrarioa. Koalizioak dio zerbitzu juridikoek «aukeratzat» jotzen zituzten erabakiak «betebehar» bihurtu dituztela alderdi popularreko ordezkariek, «inolako azalpenik eman gabe». Gainera, salatu du ikuspuntu juridiko batetik oinarririk ez duela zerbitzu juridikoek aukerak eskaini eta ebazpen proposamenik ez plazaratzea. Jurisprudentziari ez jarraitzea ere agerian utzi du, hark baitio araudiaren interpretazioak parlamentuko taldea osatzeko eskubidea lehenetsi behar duela .
Zalantzazkoa ere bada, Amaiurren iritzian, zerbitzu juridikoen sinadurarik, zigilurik eta datarik gabe aurkeztea txostena.
Aintzat hartu diren argudioei dagokienez, Nafarroan «araudiak zehaztutako» botoen %15 lortu ez izana erabili du PPk Amaiurri koalizioa osatzeko aukera ukatzeko. Errekondok azaldu duenez, baina, aurrekari batzuetan oinarrituta beste aukera batzuk zeuden, eta hala jasotzen du txostenak berak. Zerbitzu juridikoen txostenak dio %15 hauteskunde barruti batean ez, alderdia aurkeztu den herrialde guztietako portzentaia har daitekeela kontuan. Hala gertatu da EAJrekin lau alditan, eta ERCrekin behin. «Aurrekoetan egin duen interpretaziotik urrundu da Mahaia, eta ez du azaltzen zergatik aldatu duen ikuspuntua», salatu du Errekondok.
Amaiurrek uste du PPk beldurra diola konfrontazio politikoari
Espainiako Kongresuan talderik gabe utzi duen erabakia «soilik politikoa» dela salatu du koalizioak, eta helegitea aurkeztu duErrekondok esan du PPk txosten juridikoa erabili duela «bere interesak inposatzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu