Atzo aurkeztu zen Amaiur koalizioa jende artean, Iruñean. Azaroaren 20ko hauteskundeetarako Aralarrek, Alternatibak, EAk eta ezker abertzaleak osatu duten koalizioa da, eta zubi bat ikur hartuta erabakitzeko eskubidearen eskaera Madrilera eramatea izango du helburu.
"Indarrak biltzeko ahaleginak batzen dituen zubia, irabazteko gogoz Estatuarekin partida jokatzeko aukera izateko", esan zuten atzo Amaiurreko ordezkariek Baluartean. Amaiur osatzen duten aldeen ordezkaritza zabala izan zen aurkezpenean, besteak beste, Patxi Zabaleta Aralarrekoa, Txelui Moreno ezker abertzalekoa, Pello Urizar EAkoa, Amaia Agirresarobe Alternatibakoa. Hauek dira esandakoak:
Patxi Zabaleta (Aralar):
"Euskal Herriak justizia eta askatasuna eskatu eta behar ditu, eta helburu horiek lortzeko eta elkarbizitza eraikitzeko bildu gara. Euskal Herriak bakea, justizia eta elkartasuna lor ditzan beharrezkoa da erabakitzeko eskubidea. Modu berean, Euskal Herriak subiranotasuna behar du Europako nazio bat delako".
"Krisiari politikatik, elkartasunetik, ezkerretik eta gehien sufritzen dutenekiko babesetik egin behar zaio aurre"
"Nafarroan UPN-PP da gure aurkaria, azkar asko sinatu dute gure aurka egiteko akordioa. Guk demokratikoki erantzun behar diogu desafio horri, baina ahalik eta indar gehinarekin"
Txelui Moreno (ezker abertzalea):
"Hauteskundeak Espainiako Konstituzioa onartu eta 33 urtera egingo ditugu, gure herriaren eskubideentzat ukituezina dena hori, baina atzera egiteko pausoak emateko erraz aldatzen dutena"
"Estatuaren lurralde modelo berri bati heldu beharra dago, lehen trantsizioak izan zuen gabeziari aurre egingo dion beste trantsizio batekin, erabakitzeko eskubidea duten estaturik gabeko nazioak daudela aitortzeari".
"UPNren eta PPren arteko akordioak erakusten du Amaiurrek duen potentzialitatea. Euren arteko ezberdintasunak lau egunetan gainditu dituzte. Euren helburua da proposamen abertzale, aurrerakoi, feminista, ekologista eta euskaltzalea Nafarroan lehen indarra ez izatea"
Pello Urizar (EA):
"Euskal Herria izango da gure ardatza Madrilen, sal-erosketatan erori gabe, euskal herritarrek erabakitzen dutenarekiko errespetua eskatuz, gure aldarrikapenak aldatu gabe"
"Ez dugu merkatu eta kapitala herritarren gainetik baloratzen dituen sistemaren peoi izan nahi"
"Amaiurrek Euskal Herrian bizi dugun prozesu politikoari erantzuna ematera dator, konponbidearen alde lan egiteko, Madrilen, subiranotasuna eta independentismoari ahotsa emanez, gure herriaren eskubide nazionalen ukapenera helduz"
Amaia Agirresarobe (Alternatiba):
"PSOEk eta PPk txanpon berearen bi aldeak direla erakutsi dute"
"Gezurra da alternatibarik ez dagoela, gezurra da bide bakarra hezkuntza, osasungintzan eta kulturan murrizketak egitea dela, gezurra da garapenak baliabide naturalak suntsitzea eskatzen duela gezurra da eskubide zibil eta politikoak bakerako bidea direla"
"Euskal gizarte segurantza publiko at behar dugu, kalitatezko enpleguaren sorkuntzan eta justizia sozialean oinarrituko dena"