"Gaurkoan, joan den igandeko hauteskundeetan Amaiur koalizioak lorturiko emaitzak baloratzeko bildu gara Kongresu eta Senatu espainiarrerako hautatuak izan garen lagunak.
Erronka handi bati aurre egiteko sortu zen Amaiur: testuinguru politiko garrantzitsu honetan Espainiar hauteskundeetan herri bezala agertzea, horretarako indar metaketaren aldeko apustua eginaz.
Gure iritziz, igandeko emaitzei erreparaturik, argi eta garbi ikusten da herritarren aldetik babes masibo bat lortu duela indar metaketaren aldeko hautuak. Herritarrek eskertu eta babestu egin dute Amaiur osatzen dugun pertsona zein indar politikook egindako ariketa eta ahalegina.
Izan ere, igandekoak emaitza historikoak dira.
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan 333.624 bozka lortu ditu Amaiur-ek. Era berean, herrialde guztietan lortu dugu ordezkaritza.
Igandeko datuek irakurketa askotarako eman dezakete, baina gauza bat objektiboa da: herri honetako ezkerreko soberanista eta independentisten aukera da ordezkaritza zabalena lortu duena.
Aipagarria da ere, maiatzeko udal eta foru hauteskundeetatik izandako gorakada. Hauteskunde espainiarrak izateagatik, gure aukerak goranzko joera mantendu du. Zalantzarik ez dugu, hazten ari gara.
Hauteskunde emaitzak era orokorrean erreparatzen baditugu, argazki zehatz bat dakusagu:
• Euskal Herriaren eta dagozkion eskubideen aitortzaren aldeko indarrek gora egin dute.
• Gatazka politiko historikoari aterabide politiko eta demokratikoa eman nahi diotenek gora egin dute.
• Bitartean, jarrera ukatzaileak mantentzen dituztenek, konponbide dinamikei ekin beharrean gatazka politikoaren erroei eutsi nahi ez diotenak, aldiz, behera egin dute, nabarmen.
Dena den, Amaiur-ek Madrilen topatuko duenaren jakitun da: PPren gehiengo zabal bat. Adierazgarria deritzogu PPk inolako erabakirik jakinarazi ez duenean, harturiko lehen jarrera publikoa Euskal Herriarekiko hartu izana, Amaiurri ezezkoa emanez, eta Amaiurren 333.624 botoak estaltzeko neurriak iragarriz.
Cospedalek eta Basagoitik burutu dituzten adierazpenak eskandalagarriak direla deritzogu. Larria da Amaiur-ekin ez dutela hitz egingo esatea edota talde parlamentarioa izatea ukatzea. Zer errealitatetan bizi dira, lau herrialdeetan ordezkari gehien lortu dituenari hitza eta taldea ukatu nahi diona?
Kezkagarria da, jarrera horren atzean urteotako dinamika berean jarraitu nahi duen alderdia irudikatzen delako, ukazioan jarraitu nahi duena, herri honen nahi nagusiari bizkar emanez.
Horregatik, honako mezua luzatu nahi die Amaiur-ek: errepara dezatela ondo euskal jendarteak dioena. Luparekin azter ditzatela igandeko emaitzak, tentuz eta sakon. Jarrera oztopatzaile hori albora dezatela eta errespeta dezatela euskal herritarren hitza. Arduraz joka dezatela testuinguru berri honek eskaintzen dizkigun ardurak probesteko.
Testuinguru politiko zehatz baten baitan burutu dira hauteskunde hauek, konponbide prozesu bat abian da gure herrian, eta era berean, prozesu klabeetan ulertu dituzte hauteskunde hauek herritarrek. Horrela, Euskal Herrian gauzatzen ari den aldaketa bideratzeko orduan ezkerreko eta abertzaleon lidergoa sendotu egin da, euskal herritarrek horretarako ardura nagusia eman digute.
Eta zalantzarik ez izan, konponbidearen zerbitzura jarriko du Amaiur-ek jaso duen babes guztia. Kanpainan zehar esan bezala, Amaiurrek mezu argi bat eramango du Madrilera: herri honek bizi duen gatazka politikoa gainditzeko aukera ezin hobea dugu eta hori baliatu egin behar dugu.
Horretarako, Euskal Herriari eta euskal herritarrei dagozkien eskubideen defentsa eta aldarrikapena egingo dugu, eta izaera historikoa duen gatazka politikoa gainditzeko oinarriak eramango ditugu; hau da, Euskal Herria nazio gisa aitortzea eta modu zilegi eta demokratikoan dagokion erabakitzeko eskubidea. Azken finean, euskal herritarron hitz eta erabakiari errespetua exijitzera goaz Madrilera.
Errespetua eta eskubideen defentsa izango dira gure jardunaren oinarria. Horrela, eta krisialdi larri testuinguru honetan, Amaiur-ek ere bere jardunaren lehentasunen artean izango du euskal herritarren eskubide sozialak aldarrikatu eta defendatzea.
Herri bezala erantzun nahi izan diogu erronka honi. Baina aurrerantzean ere erronka handiak dauzkagu parez pare. PPk lehen unetik hartu duen jarrera ikusten ari gara. Gure iritziz, jarrera hauek erantzun bateratua eskatzen dute, herri gisa jokatzea.
Horregatik, ezberdintasunak dauzkagula jakitun, EAJri zein Geroa Bairi eskua luzatzen diegu Madrilen Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideen defentsan elkarrekin jarduteko gutxieneko edukiak adosteko.
Gure iritziz, hiru esparru nagusitan garatu beharko litzateke elkarlana: Euskal Herriaren aitortza, Autodeterminazio eskubidearen aitortza eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldarrikapenari dagokionean.
Azkenik, berriro ere Amaiur-en emaitza bikainak posible egin dituzten ehunka milaka herritarrak eta azken asteotan Amaiur bihurtu den zubi erraldoi eta sendoa eraiki duten lagun guztiak zoriondu nahi ditugu. Garaipen hau zuena da".