Irailaren 30ean egin zuen Guardia Zibilak Herrira-ren aurkako operazioa, eta hainbat lagun batu ziren plataformak Hernanin (Gipuzkoa) duen egoitzan, protesta egiteko. Kargak egin zituen Ertzaintzak, eta buruan zauritu zuten Amalur Mendizabal Amaiurreko senataria, kargu hori duela adierazten duen txartela eskuan zuela.
Gertatutakoaren inguruan azalpenak eman ditu gaur Eusko Legebiltzarrean Estefania Beltran de Herediak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. Jakinarazi du txosten bat zabaldu diotela Mendizabal zauritu zuen poliziari, iritzita litekeena dela hark indarra eta defentsarako tresnak modu "ez egokian" erabili izana.
Iragan astelehenean, salaketa jarri zuen Mendizabalek Donostiako auzitegian.