Etxerat-ek jakitera eman duenez, amari azken agurra ematea galarazi diote Unai Bilbao euskal presoari. Gaur goizean hil da, gaixotasun luze baten ondorioz, eta presoak ezin izan du ikusi, azken egunetan familiak espetxeari ohartarazi arren azkenetan zela. Etxerat-en arabera, halako gertakariek agerian uzten dute euskal presoen urrunketak eta sakabanaketak familia bizitza izateko oinarrizko eskubidea urratzen duela.
Alboloteko kartzelan (Espainia) preso dago Portugaleteko presoa, etxetik 860 kilometrotara, eta ama gaixo zenez, "urtetan" ez dute elkarrekin egoterik izan. Bilbaok bi hilabete zeraman Euskal Herrira eraman zezaten eskatuz, eta, Etxerat-ek jakitera eman duenez, ostegunean hasi zituen espetxeak horretarako tramiteak. Berandu, baina. Presoen senideen eta lagunen elkarteak azaldu du amaren egoerak okerrera egin duela azken egunetan, eta familiak, hori berresten duten txosten medikoetan oinarrituz, kartzelara hots egin duela egoeraren berri emateko. Ohartarazpen horiei garrantzia kendu diete, "modu txarrean erantzunez".
Espainiako Auzitegi Nazionala urrian hasi zen Euskal Herrira gerturatzeko presoek eginiko eskaerak atzera botatzen, haien urruntzeak ez duela oinarrizko eskubiderik urratzen ebatzita. Bilbaok eginikoaren moduko eskaerei «ezohiko baimenen» bidez erantzun ahal zaiela argudiatu du auzitegiak.
Etxerat-ek doluminak agertu dizkio familiari eta ostegunean Iruñean, Gasteizen eta Baionan egitekoak diren zapi kateetan parte hartzera deitu du.