AMATASUN ETA AITATASUN BAIMENAK. BOZKETA EUROPAKO PARLAMENTUAN. «Baimena luzatzeak umeen zaintzaren rola emakumeak hartzea dakar»

20 astetara luzatuko den amatasun baimenarekin emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasunak areagotzen direla dio Castrok, berdintasun bideari uko eginda.

Maialen Huarte
Iruñea
2010eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Jaiotzez Valentziakoa (Herrialde Katalanak) eta kulturalki galiziarra da Carmen Castro ekonomilari eta berdintasunezkoaukeren aldeko feminista. Bere burua munduko herritartzat du, «egonezinez betetako» emakumea baita. Genero dudarik gabe da azken hilabeteotan Interneten aurkeztutako bere txokoa. Genero aholkularitzan aritzen da; heziketa, prestakuntza eta taldeetan proiektu berrien eragile. Hitzaldi bat eman berri du Iruñean.

Zein aldaketa ekarriko du 20 astera luzatzea amatasun baimenak?

Gizonezkoaren eta emakumezkoaren baimenak gehiago aldentzea dakar horrek, ondorio guztiekin: berdintasuna lortzeko eginiko saioak bertan behera geratzen dira, eta krisi garaian are kezkagarriagoa da egoera: emakumeari zaildu egiten zaio lan egitea, enpresei arrisku handiagoa izanen zaielako emakumeak kontratatzea amatasun baimena luzatzearekin. Bestalde, aitatasun baimena luzatzeko aitzakia krisia izan zen (urtebete atzeratu da); emakumearena luzatzeko, ordea, ez omen da krisirik. Horrek emakumeari eragiten dio zuzenean, baimenak parekatzen ez diren bitartean eurena izanen delako haurren zaintza, eurek izanen baitute denbora gehien horretarako.

Ez da, beraz, nahikoa Parlamentuaren proposamen hau?

Hipokrisia politikoaren eta sozialaren aurrean gaude baimen hau onartuta ikusita. Alde batetik, aitatasun baimena geldiarazten dute, baina emakumearena baimendu; bestetik, emakumearenganako amuz bete dituzte legeak, lehen begiradan aurrerapauso direla iruditu arren emakumezkoa zamatzea baino ez baitu eragiten, haurren zaintzaren rola era subliminalean igorriz. Izan ere baimenak parekatzen ez diren heinean amari egokituko zaio haurren zaintza.

Zein izango litzateke, beraz, benetako aurrerapausoa?

Argi dago gizonezkoaren aitatasun baimena gaur egun eskasegia dela. Horregatik, pausoz pauso berdintasunera iritsi beharko litzateke, haurra jaiotzen den unetik eta emakumeek dutenaren berdinera iritsi arte, helburua horixe baita: bien baimenen berdintasuna lortzea. Seme-alaben zaintzarako eskubide bera izan beharko luketelako, aita zein ama izan. Ezberdintasun hori egiten den bitartean aitatasuna alferrik galtzen da, eta, era berean, amarengan eragin negatiboa sortuko du lan-munduan: bai kontratazioetan zein soldatetan, eta baita biek eduki beharko luketen erantzukizunean ere.

Laguntza nahikoak al daude ama izan nahi duenarentzat?

Ustezko pizgarriz betetzen ari dira legeak, eta zinez azpikerietan baino ez dabiltza. Sasi-laguntzak baino ez dira. Erraztasun gehiagoren beharrean gaude, bai emakumearentzat zein gizonezkoarentzat ere.

Nondik hasi beharko lirateke erraztasun horiek ematen ?

Batetik, zerbitzu publikoen sarea zabaltzen, haurren zaintza erraztu dadin. Bestetik, jaiotzetiko baimenak berdindu beharko lirateke.

Horren guztiaren haritik, nola lortuko litzateke zaintza arduratsu bat?

Legegintza erreforma sakon baten beharra dago: eskubideak berdintze aldera, sortu dituzten kalterako legeak kenduz, emakumeari lan munduan sartzea zailtzen dituzten horiek, alegia; etamezu eta gezurrezko ateak dituzten ordenamendu juridikoak guztiz ezabatuz, azken horrek eragiten duelako andrea gizonaren menpeko izatea ekonomikoki. Hortik abiatuta lortuko dugu bien arteko zaintza edukitzea eta era berean zaintza arduraz egin ahal izatea. Horri lotuta, bereiztutako bikoteetan beharrezkoa litzateke bereizketa hauxe egitea: alde batetik, ekonomikoki sortzen den ardura, eta, bestetik zaintzarena, horrela bakarrik lortuko delako zaintza arduratsua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.