Guardia Zibila Amenabar enpresako egoitzan sartu da gaur 13:00etan, Zarautzen (Gipuzkoa), www.urolakostakohitza.info webguneak dioenez, eta dokumentazioa eraman du bertatik, bi kaxatan. 17:20ak arte egon da han, miatzen.
Enpresako langileak egoitza barruan egon dira miaketak iraun duen bitartean eta, BERRIA.INFOk jakin duenez, batzuek behintzat "normaltasunez" jardun dute lanean.
Ofizialki oraindik ez dute jakinarazi zein izan den gaurko miaketaren arrazoia, baina zenbait hedabidek diote, polizia iturriak aipatuz, Amenabar enpresak ETAri ustez egindako ordainketekin duela lotura operazioak. Zehazki, ETAko ustezko buru Xabier Lopez Peñari -iragan maiatzaren 21ean Bordelen (Gaskonia, Frantzia) atxilotua- atzemandako agirietan du oinarri operazioak, iturri berei jarraiki.
Uztailaren hasieran Jose Antonio Jainaga eta Jesus Guibert enpresarien etxeak miatu zituen Guardia Zibilak, Bilbon eta Donostian hurrenez hurren, ETAri ustez dirua ordaindu izan diotelakoan, eta galdekatu egin zituen. Egun haietan Sabino Arrieta enpresaria ere galdekatu zuen. Ekainaren 10ean, berriz, Guardia Zibilak berak Blanca eta Maribel Bruño enpresariak atxilotu zituen Orion (Gipuzkoa), eta bi egunera kartzelara bidali zituen Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, arrazoi bera leporatuta -handik aste batzuetara bermepean libre utzi zituen-.
Ekainaren 1ean Amenabarren Zarauzko egoitzaren kontrako atentatua egin zuen ustez ETAk, lehergailua eztandarazita.
Amenabar enpresatik dokumentazioa eraman du Guardia Zibilak
13:00etatik 17:20ak arte Zarauzko lantokian egon da, miaketan. Iturri batzuek enpresak ETAri ustez egindako ordainketekin lotu dute operazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu