Hedabideen aurrean mintzatu da Enrique Maia Iruñeko alkatea, eta America 66 erregimentuari buruzko erakusketa izan du hizpide: "Konstituzioan zehazten den lana egiten du armadak, lan hori egiten ari da eta eskubide osoa du bere historia azaltzeko; horregatik, aurrera jarraitzen du erakusketak".
Udalbatzak udal gobernuari eskatu zion ez zezala egin erakusketa, America 66 erregimentuak 1936ko gerran jokatutako papera zela-eta. Maiak erantzun du: "Ez du justifikaziorik erregimentu baten historia erakusketa batean ezin azaltzea, momentu zehatz bateko ekintza batengatik".
Horrela azaldu du Maiak erakusketaren aldeko jarrera: "Momentu batean balioetsi nahi dugun gauza bakoitzaz, erakunde horrek historian izan duen momentu guztiak aztertu behar baditugu, historiaz hitz egiteko aukera ezabatuko genuke". Gaineratu du eskumen hori udal gobernuarena dela, ez Udalbatzarena.