Amerikar Juristen Elkarteak Nazio Batuen Kontseilura eraman ditu torturaren salaketak eta inkomunikazio aldia amaitzeko aldarrikapena. Euskal Herriko agertoki berriaren aurrean izenburua duen dokumentua irakurri du, eta horretan espreski eskatu dio Espainiako Gobernuari "inkomunikazioa amaitzeko". Inkomunikazioa "terrorismoarekin modu orokorrean lotura duten pertsonak ezkutatzea eta isolatzea" da Amerikar Juristen Elkartearentzat, dokumentu horretan definitu dutenez.
Martin Scheinin Nazio Batuen giza eskubideen goi mandaria Espainian eta Euskal Herrian egon zenean idatzitakoak aipatuz, Amerikar Juristen Elkarteak dio terrorismoaren aurkako borrokan "malda irristakor" batean aritu dela Espainia. Eta jarduera horretan kokatzen ditu inkomunikazio aldia, Auzitegi Nazionalaren eskumen esklusiboa terrorismo gaietan, atxilotuak behinik behin espetxeratzeko gaitasuna, zigorrak gogortzea eta zigorren gaineko araudia aldatzeko eskumena.
ETAren su-etena positiboki baloratu dute
Gainera, Amerikar Juristen Elkarteak euskal auziarentzat irtenbide baketsua babestu du, "elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez, biolentzia behin betiko amaitzea bermatzeko". ETAk urtarrilaren 10ean iragarri zuen su-etena positiboki baloratu du elkarte horrek, baita "erakunde horrekin lotu ohi den gizartearen sektorearen erantzuna" ere. Horregatik, gatazka amaitzeko ekintzak abiatu behar direla iritsio dio.
Gaur aurkeztutako txostena estatu delegaritza guztiei banatu zaioela jakinarazi du Amerikar Juristen Elkarteak, "baita Nazio Batuetan parte hartzen duten bestelako eragile eta elkarteei ere". Gainera, elkarteak berak eta bertan aurkitzen den eta Behatokiako kide den Edurne Iriondok interpelazioetarako material gisa erabiliko dutela adierazi dute.