Amets berriak izateko oinarria

Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseilua gaur legeztatuko badute ere, bide luzea egin du aurretik. Duela bi urte hasi zuten prozesua, eta ordutik hamaika eragile bildu dituzte. Otsailaren 12an, jendaurrean aurkeztu zutenean, 40 eragile zeuden argazkian, baina ateak irekiak dituzte.

40 eragileen ordezkarien argazkia, otsailaren 12an aterata. JON CATALAN.
Jon Rejado.
Gasteiz
2016ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Euskararen normalizazioarako mugimenduak bide berria abiarazi du Aiaraldean. Euskalgintzak eskualdean egingo dituen zidorrak bateratuko dituen bide zabala. Eskualde horretako hamaika eragile bildu dira izen beraren azpian, helburu eta asmo berbera buruan: euskarari «hamaikagarren bultzada» ematea. Denak batera, oraingoan. Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseilua sortu baino ez da egin, eta dagoeneko 40 eragilek osatzen dute. Eta ateak parez pare irekiak dituzte.

Egun garrantzitsua da gaurkoa Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluarentzat. Batzorde eragileak lehen bilera egingo du, bi urteko lanaren emaitzari izaera ofiziala emateko: estatutuak zehaztu eta bere izaera legeztatuko du, eta 2016ko plana eta aurrekontua aurkeztuko ditu. Egun garrantzitsua, aurretik heldutako beste hainbaten moduan. Hain zuzen ere, gaur ofizial bihurtuko den tresnak bide luzea du atzetik; bi urte inguruko lanaren eta hamaika bileren emaitza da kontseilua.

Orain arte egindako bidearen emaitza ilusio piztailea da, baina kide guztiak argiak dira. Kontseiluaren sorrera bera poztekoa bada ere, hasiera baino ez da. «Amets txiki bat bete dugu; hemendik aurrera amets asko ditugu egiteko», argitu du Joseba Llano Aiarako Hogeitalau Elkarteko kideak. Amets horiek Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluko kideen artean partekatuak dira, eta, bakoitzak ahal duen heinean, horietan aurrera egingo dute. Etorkizunean lan ildoak zehaztuz joango badira ere, kontseiluak bi lehentasun finkatu ditu, behinik behin: batetik, gazteak-aisialdia-kirola ardatza indartzea, eta, bestetik, eskualdeko foroa sustatzea, sinergiak abiarazteko.

Kirola, aisialdia eta gazteak

Aurreneko lehentasunaren helburua antzemandako hutsune bat betetzea da. «Haurren eremuan, 0-11 urte artean, eskaintza dago; egiten den guztiak harrera ona du... Baina adin horretatik aurrera ez da hala gertatzen. Non dago jende hori?», galdetu du Llanok. Irati Mendiguren Aiaraldeko Komunikazio Leihoa hedabideko kideak kirolaren baliagarritasuna gogora ekarri du: «Aisialdi uneren batean denok egin dugu kirolen bat, eskola garaian zein aurrerago; euskara lantzen hasteko eremu erraza da, eta harrera ona izan dugu».

Jon Lafuente Nerbioi Errugbi Taldeko kideak alor horretan sakondu du. Haren ustez, euskararen sustapenean kirola ardatz nagusietako bat da, edo izan beharko litzateke. Lafuenteren iritziz, umeek gogoratzen dute gustura egiten duten hori: «Tamalez, gure eskualdean gustura egiten dituzten gauzek ez dute zerikusirik euskararekin». Hori dela eta, kirola da aisialdia eta euskara lotzeko bidea. «Kirola euskaraz egiten badute, aisialdia ere euskararekin lotuko dute; ez zaigu komeni gure hizkuntza eskolarekin bakarrik lotzea», hausnartu du.

Kirolaren gaineko hausnarketa ikastetxeek antolatzen dituzten eskolaz kanpoko ekintzetara ere heldu da. Hain zuzen ere, eskualdeko eskola gehienak daude Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluaren barruan. Ziortza Uriarte Laudio Ikastolako ordezkariak azaldu du euskararen erabilera oso eskasa dela testuinguru horretan. «Kirol nagusiari dagokionez, futbola, egoera deigarri bat gertatzen da: umeak euskaldunak dira, begiraleak euskaldunak dira, baina hiztegia ez da oso euskalduna».

Kirola euskaraz egitearen bidean badu zeresana Nerbioi Errugbi taldeak. Duela lau edo bost urte sortu zuten Lafuentek eta beste bost kidek, eta, hasieratik bertatik, euskara izan zen klubaren hizkuntza nagusia. «Kluba sortu genuenean euskaraz hasi ginen. Ez dut gogoratzen horri buruzko hausnarketarik; modu naturalean hasi ginen». Kluba sortu eta lehen deialdira gerturatu ziren umeak euskaldunak zirela azaldu du, eta entrenatzaileak ere euskaldunak zirenez erabakia naturala izan zela. «Sortu berri dugun senior mailako taldean euskarari eustea zailagoa da, baina saiatzen ari gara».

Behinik behin, otsailaren 12an kontseiluaren lehen argazkian kirolarekin lotutako hainbat eragile zeuden: Amurrioko Pilota Elkartea, Goikogane Mendi Taldea, Nerbioi Errugbi taldea, Mendiko Lagunak eta Laudioar Txirrindulari Elkartea, eta eskualde osoko ikastetxe gehienak. Aisialdiarekin lotutako beste hainbat eragile ere badaude: Aiara Dantza Taldea, Aiaraldeko Bertso Eskola...

Eskualdeko komunikazioa

Euskarazko aisialdia eta kirola sustatzeaz gain, Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak bigarren lehentasun bat markatu du hasieratik: foro bat egitea, kontseiluko kideek ezagutu ditzaten besteek abiarazten dituzten ekinbideak. «Batzuetan udalerri bakoitzean euskara talde bakoitzak lana bere zatitxoan egiten du, eta, horren bitartez, jauzi bat ematea proposatzen dugu, ikuskera zabalagoa izateko», azaldu du Llanok. Ikuskera zabal hori euskararen normalizazioan lagungarria izango dela gaineratu du, baita taldeen arteko sinergiak sortzeko ere.

Irati Mendiguren Aiaraldeko Komunikazio Leihoa hedabideko kideak gogora ekarri du duela bi urteko bileran egindako hausnarketa. Eskualdean euskararen normalizaziorako ekinbideak egon bazeuden ere, «atomizatuta» zeudela azaldu du. «Ez genuen komunikazio gerturik, eta ez genekien zertan ari zen ondokoa; betidanik jakin izan dugu, baina ez diogu orain arte heldu gaiari». Alde horretatik, Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak elkarlana errazteko helburua du, besteak beste.

Jon Lafuenteren ustez, eskualdearen ezaugarriek erraztuko dute elkarren berri izateko asmoa. «Aprobetxatu behar dugu dena partekatzeko, eta denok batera aurrera egiteko. Ez da bakarrik Aiara; Bizkaiko herri batzuk ere baditugu gertu, eta horietan ere ideiak sor daitezke».

Mendigurenek antzeman du azken urteetan eskualde izaera indartu dela. Aiaraldea Komunikazio Leihoa egitasmoak berak hori zuen helburu, «inguruko herrietan gertatzen zenaren berri emateko; gauza txiki eta handien berri emateko, eta elkarrekin proiektuak konpartitzeko».

Bi urteko bide mamitsua

Gaur modu formalean eratuko den Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak bide luzea egin du, orain arte. 2014ra jo behar da egitasmoaren ernamuina topatzeko.«Duela bi urte hasi ginen elkartzen Aiaraldeko euskalgintzako kide batzuk, hausnartzeko nola pitz genezakeen dinamika berria eskualdean», oroitarazi du Joseba Llanok. Ordea, gaineratu du hasierako bilera horretan ez zegoela argi gerora helduko zena. «Zerbait indartsua egiteko ideia bagenuen, baina pausoak asmatzen joan gara ematen genituen heinean».

Bileran zenbait auzi jarri zituzten mahai gainean: eskualdearen izaera, egoera soziolinguistikoa, euskalgintzaren osasuna... Azken alor horretan, Jon Lafuentek azaldu du urteetako lanaren arrastoak nabariak zirela. Prozesua hasieratik jarraitu du Lafuentek, eta duela bi urteko bileran sentitutakoa ekarri du gogora. «Frustrazio puntu bat ere bazegoen. Hasierako bileran betikoak bildu ginen, eta batez besteko adina 40 urtetik gorakoa zen». Ordea, prozesuak aurrera egin ahala, ilusioa biderkatu dela nabarmendu du. «Aspalditik nabil euskalgintzan, eta ez dakit inoiz ikusi dudan orain sumatzen dudan ilusio puntu hori».

Aurretik aipatu hausnarketa horietatik guztietatik abiarazita indarrak batzeari ekin zioten, ideia argi batekin. Euskalgintzan aritu ohi diren eragileez gain, beste eremu batzuk ere bildu behar zituztela berretsi du Mendigurenek: «Eskualdean eragin nahi badugu, euskara elkarteak, ikastolak eta euskarazko hedabidea ez ezik, sektore ezberdinetara heltzea garrantzitsua zen».

Ziortza Uriartek sakondu du Mendigurenen hausnarketan, eta eragile guztien beharra aldarrikatu du. Hain zuzen, eskualdeko ikastetxe gehienak kontseiluaren barruan egotea positiboki baloratu duen arren, eragin eremua zabaltzeko beharra nabarmendu du. «Egia da hezkuntzak pertsona asko mugitzen dituela, eta harreman zuzena duela hizkuntzarekin, baina ezin da ahaztu gizartea ezberdinez osatuta dagoela».

Indarrak batzeko bidean, eskualdeko sektore ezberdinetako eragileekin hitz egiterakoan, «ate guztiak parez pare» ireki direla azaldu du Mendigurenek; «besoak zabalik, eta kontzientzia handiarekin», gaineratu du. Euskararen normalizaziorako bidean egindako lanari aitortu dio, hein handian, arrakasta hori; hain zuzen ere, aurreko lan horri esker belaunaldi berrietan euskararekiko sentsibilizazioa txertatu dela azaldu du. «Jende guztiak nahi du bere ale txikia jarri eskualdea euskalduntzearen alde; orain arte ez dute jakin izan nola, baina ate-oka joan garenean denek agertu dute kontseiluan parte hartzeko asmoa».

Babes kontzientea

Eragileekin egindako lan hori otsailaren 12an irudikatu zuten. Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluaren eraketa irudikatu zuten 40 eragileren ordezkariek. Pauso horren garrantzia nabarmendu du Llanok; hain justu, berretsi du kontseiluko kide izateko erabakia ez zela «bileraren amaieran pasatu zen orri bateko sinadura» izan. Kontrara: «Elkarte bakoitzak bere kideekin kontrastatu du, zuzendaritza edo kudeaketa organoetan, eta gero erantzun digute. Baiezko kontziente bat da».

Euskara elkarteak, ikastetxeak, sindikatuak, gazte erakundeak, kirol taldeak, kultura elkarteak... Kontseilua osatzen duten eragile horien guztien indarra goratu dute partaideek. «Zenbat eta jende gehiago egon, orduan eta eragin sare zabalagoa izango dugu», gogorarazi du Jon Lafuentek. Ziortza Uriartek ere saretze lanaren emaitza nabarmendu du. «40 eragile horietako parte hartzaileek ingurukoei esango badiete... Ausartuko nintzateke esatera gure eskualdean azken urteetako ekintza garrantzitsuena izan daitekeela».

Saretze lan horretan administrazio publikoa ere buruan izan du Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak. Batetik, euskara teknikarien bidezko parte hartzea eskatu diete inguruko udalei, baita Aiarako Kuadrillari ere; eta bestetik gutxieneko finantzaketa eskatu diote, sortu den estruktura mantentzen laguntzeko. Llano argi mintzatu da: «Konpromiso handi gutxi batzuk lortu beharrean, konpromiso txiki asko lortzea lehenetsi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.