Politika

Amezaga: "Zuek izan zarete iluntasunetik argitasunera pasatzeko aukera eman duzuenak"

Jone Amezagak «herri libre» bihurtutako Gernika-Lumon utzi du ezkutalekua

Hurbilekoek inguratuta egon zen Jone Amezaga, jende artera irten ondorengo lehen uneetan. GARI GARAIALDE / BOSTOK PHOTO/ ARGAZKI PRESS
Lander Muñagorri Garmendia.
2014ko abenduaren 14a
11:24
Entzun

Libre bizi nahi du, eta hala egin du egun batez bada ere. Hemezortzi egun ezkutuan eta atxilotzeko agindupean egon ondoren, atzo, bi astean lehen aldiz, kalera atera zen jendeaurrean Jone Amezaga, eta gaur ere Gernikako kaleetan da herritarrez inguratuta.

Amezagaak, atzo egindako moduan, eskerrak eman dizkie gaur ere Gernikara babesa agertzera hurbildutakoei: "Zuek izan zarete iluntasunetik argitasunera pasatzeko aukera eman duzuenak".

Ehunka pertsona bildu dira asteburuan Gernika-Lumora (Bizkaia) hari babesa eskaintzera, eta horien artean atera da ezkutalekutik. Trikiti doinu artean, eta jai giroan. Hori izan zen atzoko eguneko argazki nagusia, familiakoak eta lagunak besarkatu zituen unekoa. Urduritasuna nabaria zen giroan, eta horrela jarraitu zuen. Libre eman zuen arratsaldea Amezagak, erabat libre izan gabe, atxilotua izateko aukera presente baitzegoen. Baina ez zen horrela izan. «Jonek libre bizi nahi du, eta Joneren ametsa libre bizitzea da. Herritarren artean, eta herri librean. Joneren ametsa ukatu nahi digute, baina denok daukagu amesteko aukera. Horregatik libre izatea ezin da amets bat izan», azaldu zuen Jone Libre plataformako kide batek. Gernika-Lumo herri aske bihurtzera deitu zuten atzo, eta lortu zuten, antolatzaileen arabera. «Herri libre bat lortu dugu gaur [atzo] Gernikan».

Espainiako Auzitegi Nazionalak urte eta erdira zigortu zuen Amezaga azaroaren 25ean «terrorismoa goratzea» egotzita. Hori ebazteko froga nagusia pankarta bati eusten zion zeloan topatutako hatz marka bat izan zen. Epaia berretsi ondoren, hamar eguneko epea eman zioten espetxean aurkezteko, baina Ertzaintzak hala eskatuta epe hori kendu zioten. Horren ondorioz hartu zuen ezkutatzeko erabakia, eta Jone Libre plataformak eman dio babesa. Eurek hartu dute asteburu honetan Gernika-Lumo herri libre bihurtzeko abiapuntua, baina herri askea «herri guztiaren konpromisoarekin» lortu dela nabarmendu zuten era berean. Ahalegin horri erantzun zion Amezagak kalera jendaurrera irten zenean: «Luzeak egin zaizkit egun hauek guztiak, baina babes hau ikusita hori eta gehiago ere merezi izan du. Niri babesa eskaintzetik haratago, Gernika herri libre bihurtu duzuelako. Horregatik, lanean jarraitu behar dugu konpromisoak batuz, epaiketa politikoak gelditzeko eta herri honetan libre izateko». Emozio uneak izan ziren orduan, eta Amezagak familiaren eta lagunen babesean egin zituen kalejirak Pasialeku plazara egin zituen azken metroak. «Jone libre» eta «euskal gazteria aurrera» oihuen artean egin zuen bide hori. Tartean, isiltasun uneak tartekatu ziren behin eta berriz.

Hori izan zen arratsaldeko giro lasai eta, aldi berean, urduriaren abiapuntua. Antolatutako egitarauak normal jarraitu zuen, baina normaltasunik gabe. Valentina eta Haritz Laboa, eta Itziarren Semeak taldeek jo zuten lehenbiziko Merkurio plazan, eta ondoren McOnak eta Egurra eta Kitto taldeak aritu ziren Pasialeku plazan. Denek izan zituzten Amezagaren aldeko hitzak, eta hura ere bildutako ehunka pertsonaren artean zegoen mezu horiek jasotzen. Aterki laranja baten babesean.

Hori izan zen atzoko egunean ikusi zen beste irudi nagusi bat Gernika-Lumon: ekinaldiarekin bat egin zuten ehunka lagunak aterki laranja baten azpian. «Zabaldu ditugun aterki laranjak sortu dute Jone libre izateko aukera. Babesleku bat sortu dugu, herri libre bat». Hala hartu zuen kalejirak Amezaga herriko kaleetan, eta hala ibili zen ondorengo orduetan ere.

Goizetik laranja kolorez

Kolore horixe gailendu zen egun osoan Gernika-Lumon. Goizean goizetik Amezagari babesa helarazteko pankarta eta kartelak nonahi zeuden herrian. Herri libre bat irudikatzeko baliabideak denak ere. Horrek erakutsi zuen, besteak beste, Jone Libre plataformako kideek zabaldu zuten mezua: «Hau guztia herri ekinaldi bat da, herriko jende norbanako eta kulturalei esker sortutako ekinaldia. Gernika libre bat sortu dugu, denok bertan askatasunean bizi ahal izateko». Eta hala ikus zitezkeen herritarrak goizean bertan ere: zapi laranja lepoan lotua zutela, eta eskuan kolore bereko aterkiak zituztela. Bildutako ehunka pertsonak behin Pasialeku plazan bildu ostean hasi ziren eguneko egitaraua xehatzen eta argibideak ematen.

Ondoren, taldetan banatu zituzten denak, bakoitza kolore bateko bandera baten babesean. Horrela ibili zen geroago ere, Amezaga kalejiraren barnean, kolore ezberdinen babesean. Gaur bertan ere horrela ibiliko da herriko kaleetan.

Amezagaren aldeko babesa zabala izan zen atzoko egunean. Ez zen Gernika-Lumon bildu zen jendearena bakarrik, sare sozialen bidez ere hainbatek helarazi zuen elkartasuna. Etengabeko presentzia izan zuen eguneko ekitaldietan. Baina, batez ere, ezkutalekutik atera zenean izan zuen oihartzun handiena sare sozialetan. Ez Euskal Herrian soilik. Esaterako, Herrialde Katalanetako erabiltzaile eta hedabideetan ere oihartzun zabala izan zuen #JoneLibre traolak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.