Politika

Amezketak dio herritarren konfiantza lortzeko ezinbestekoa dela EA alderdi batua izatea

Gaur goizean hasi du Eusko Alkartasunak biltzarra, eta alderdia utzi dutenen "joko zikina" salatu du presidenteordeak hitzaldian. Peio Urizar aukeratuko dute, ziur asko, idazkari nagusi, bihar.

2009ko ekainaren 20a
19:03
Entzun
Gaur goizean hasi du Eusko Alkartasunak (EA) VIII. biltzarra, Gasteizen, eta sarrerako hitzaldian Koldo Amezketa EAko presidenteorde eta behin-behineko burua alderdian batasuna lortzearen garrantziaz mintzatu da, hartara herritarren "konfiantza" erdietsi ahal izateko. Ezinbestekoa deritzo horri.

Eusko Legebiltzarrerako martxoaren 1eko hauteskundeetan parlamentari bakarra lortu izanak -zazpi zeuzkan lehen-, alderdi barruko desadostasunei egotzi die Amezketak, eta EA utzi duten kideei leporatu die errua. "Joko zikina" egin zuten haiek, haren ustez, "aspalditik zutelako alderdia uzteko erabakia. Ondorioz, EA barruan elkarren arteko konfiantzarik ez bazegoen, hautesleak nolatan konfiatuko zuen EArengan!".

Alderdia batu nahi du EAk, eta zuzendaritza berria aukeratu, etorkizuneko ildo politikoa zehaztu eta estatutu berriak onartuko dituzte kongresuan.

EAk aurrerantzean ere helburu Euskal Herriaren independentzia, sozialdemokrazia eta giza eskubideak izango dituela berretsi du presidenteordeak, eta uste du garrantzitsua dela "mugimendu subiranista demokratikoa" eratzea.

Hautagaitza berririk aurkeztu ezean, litekeena da Peio Urizar Arrasateko (Gipuzkoa) zinegotzia aukeratzea EAko idazkari nagusi. Dena dela, gaur iluntzerako epea dago oraindik hautagaitzak aurkezteko.

Goizetik hasita

Goizean goiz hasi du Eusko Alkartasunak ezohiko biltzarra. 09:30ean zabaldu du kongresua Koldo Amezketak, azken hiru hilabeteotan EAren lema behin-behinean hartu duen pertsonak. Hitzaldia amaituta, ateak itxita ari dira egiten eztabaida.

Denera, 550 zuzenketa aurkeztu dizkiete Estatutuen txostenari eta politika txostenari. Zuzenketa gehienak (bi herenak) barne antolakuntza arautzen duen estatutuen txostenari aurkeztu dizkiete. Lurralde organoen ahalmena murriztea, eta organo nazionalei botere handiagoa ematea proposatu du zuzendaritzak. Halaber, presidentearen kargua desagertzea eta alderdiko burua idazkari nagusia izateko proposatu du. Txosten politikoak, alderdi independentistekin mugimendu abertzalea bultzatzea eskatu du, besteak beste.

Zuzenketen inguruko eztabaida gaur iluntzean bukatuko dute EAko bazkideek, eta bihar eguerdian bozkatuko dituzte bi txostenak. Alderdiko zuzendaritza berria ere bihar onartuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.