Politika

Aministiaren Aldeko Mugimenduaren alde manifestatzera deitu dute, urriaren 4an Bilbon

250 bat lagunek egin dute deialdia, besteak beste, preso ohiek, torturatuek eta presoen senideek. Euskal Herrian salbuespen egoera bizi dela salatu dute: legezko beharko lukeena debekatuta dagoela eta debekatuta beharko lukeena legezko dela.

2008ko irailaren 20a
18:41
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak AAM Aministiaren Aldeko Mugimenduko 21 kideri 8 eta 10 urteko espetxe zigorrak ezarri eta mugimendua legez kanpoko jo duela eta, manifestaziora deitu dute 250 lagunek. Urriaren 4an jarri dute hitzordua, Bilbon, eta AAM babesteaz gain, "Euskal Herrian bizi duen salbuespen egoera salatzea" dute helburu.

Hernaniko (Gipuzkoa) Kultur Etxean egin duten agerraldia. Preso ohiak, torturatuak eta presoen senideak ziren 250 lagun horietako asko. Joseba Agudo abokatua mintzatu da guztien izenean, eta Euskal Herrian legezko beharko lukeena debekatuta dagoela, eta, alderantziz, debekatuta beharko lukeean libre dela iritzi dio: "Euskal Herrian hitza delitu den bitartean, tortura basatia legezkoa da. Elkartasuna delitu den bitartean, heriotza zigorra legezkoa. Manifestazioa eta iritzia delitua diren bitartean, biolentzia poliziala legezkoa da", azpimarratu du.

PSOE egin du azken erabaki judizialen erantzule, eta Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza, berriz, erabaki horien gauzatzaile. Agudoren arabera, Jaurlaritzak presoen aldeko manifestazioak debekatzea da horren adibide.

Nolanahi ere, atxiloketak, torturek eta legez kanporatzeek ez dutela amnistiaren aldeko jarrera suntsitzea lortuko erantsi du. Izan ere, errepresioa zenbat eta handiagoa izan hura salatuko duen jende kopurua ere handiagoa izango dela uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.