EUSKAL PRESOAK

Amnistiaren aldeko manifestazioa egingo du gaur AEMk, Bilbon

“Borroka jarrerei eusten dieten presoei” sostengua adieraztea da mobilizazioaren helhurua. 18:30ean hasiko da, Jesus Bihotza plazan.

AEMk joan den ekainaren 10ean Bilbon egin zuen prentsa agerraldia. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS
gotzon hermosilla
2017ko ekainaren 24a
21:09
Entzun

AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak manifestazioa egingo du gaur Bilbon, 18:30ean, Jesusen Bihotza plazatik abiatuta, Inoiz ez makurturik. Denon artean lortuko dugu goiburupean. AEMko kide Sendoa Juradok esan duenez, manifestazioaren helburua da "argi adieraztea preso bakar bat ere ez dela bakarrik geldituko borroka jarrerei eusteagatik". Haren arabera, "[Frantziako eta Espainiako] estatuak gero eta gehiago ari dira preso politikoak presionatzen militantziari uko egin diezaioten. Une garrantzitsua da adierazteko jarrera militanteari eusten dioten presoak ez direla babes politikorik eta babes humanorik gabe geldituko".

Juradok dioenez, manifestazioarekin ez dute eragin nahi EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren barne eztabaidan: "Eztabaida berez bukatuta dago, eta emaitzak plazaratzea baino ez da falta. Hortaz, martxaren xedea ez da horretan eragitea. Orain arte, EPPKn izan diren eztabaida guztien funtsa zen bide baten inguruan egon zitezkeen aukeren artean egokiena hautatzea; eztabaida honetan, aldiz, guztiz antagonikoak eta bateraezinak diren bi jarrera egon dira aurrez aurre. Guk ez dugu horretan eragin nahi, baina argi esan nahi diegu borroka jarrerei eusten dietenei gu hor egongo garela".

Amnistia aldarrikatu nahi dute gaur: "Badakigu ezker abertzalea osatzen dugunon artean ez dela inor amnistia nahi ez duenik", dio Juradok, "baina batzuek uste dute giza eskubideen alorrean egin behar dela indarra. Guk pentsatzen dugu soilki giza eskubideen arloari begiratuta hori ez dela lortuko. Presoen izaera politikoa nabarmendu nahi dugu; haien helburuekin edo erabili dituzten metodoekin ados egon ala ez, argi dugu preso politikoak direla, ez terroristak, eta giza eskubideak ez ezik, haien izaera politikoa ere errespetatu behar dela".

Iñaki Bilbaok 28. eguna gose greban

Azken egunetan, Iñaki Bilbao euskal presoaren egoera salatzeko kanpainan murgilduta egon da AEM. Gose greban eta itxialdian dago Bilbao —gaurkoa 28. eguna du—,  eta telefonoz komunikazioak izatea galarazia diote. Hortaz, haren egoeraren berri izateko modu bakarra senideen eta lagunen bisitaldia da. Bilbaori buruzko azken informazioak joan den larunbatekoak dira, bisita bat izan zuenekoa, eta ordurako hamahiru kilo galduak zituen. Puerto III (Cadiz, Espainia) kartzelan dute.

Jon Kepa Preciado eta Ibai Aginaga presoek elkartasuna adierazi nahi izan diote Bilbaori, eta bihar arte itxialdian egongo dira Kordoba eta Sevilla II (Espainia) kartzeletan, hurrenez hurren.

"Bilbaok adierazi du independentziaren eta sozialismoaren alde ari dela gose greban", dio AEMko kide Juradok. "Lehenengo fasea ezarri diote, borroka jarrerari eusten diolako, eta horren aurrean haren erantzuna izan da jarrera hori berrestea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.