debekuak

Amnistiaren aldeko martxa auzitara eraman dute APAVTek eta Urkijok

Ehunka lagun elkartu ziren larunbatean Bilbon, euskal presoentzat amnistia eskatzeko. Sortuk ekinbide judizial horiek salatu ditu.

Ehunka herritar elkartu ziren Bilboko kaleetan larunbat arratsaldean eginiko manifestazioan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
2015eko abuztuaren 31
15:40
Entzun

APAVT ETAren biktimak babesteko elkarteak salaketa aurkeztu du Espainiako Auzitegi Nazionalean, iritzita larunbatean euskal presoen amnistiaren alde eginiko portestan "terrorismoa goratu" zela.

Manifestazio horren atzean "ETAko presoen jarduera terroristei gorazarre egiteko asmoa" zegoen, elkarteak ohar batean adierazi duenez. Martxaren antolatzaileek amaieran irakurritako oharrari egin dio erreferentzia elkarteak salaketan; euskal presoak ez direla "terroristak" eta "munstro horien aurrean beren onena eman" dutela esan zuten mobilizazioaren amaieran, eta hori aipatu du adibide gisa APAVTek.

Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak ere delitu zantzuak antzeman ditu manifestazio horretan, eta igandean iragarri zuen salaketa aurkeztuko duela Auzitegi Nazionaleko fiskalaren aurrean.

Ohar baten bidez, Bilbon egindako manifestazioaren deitzaileen aurka abian diren ekinbide judizialak salatu nahi ditu Sortuk. Alderdi horren iritziz, adierazpen askatasunaren zein manifestazio eskubidearen urraketa dira larunbateko manifestazioaren aurkako salaketak. "Adierazpen askatasuna urratzea zein euskal herritarren eskubide zibil eta politikoak urratzea da, hain zuzen ere, Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariaren funtzioa".

Sortuk Gobernu Ordezkariaren postua desagertzea eskatu du, "eskubide urraketaren ikur baino ez delako".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.